Bestak 2025

«Gizartean izaten diren aldaketek eragina dute besten antolaketan»

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 22a, 15:00

Anne Garmendia, Elizondoko bestetako komisioko kidearekin besten antolaketa prozesu gazi-gozoaren bueltan solasean.

Anne Garmendia elizondoarra, Elizondoko Bestetako Komisioan dago aspalditik eta aurten ere herriko bestak antolatzen ibili da buru-belarri. «8 urte daramatzat bestak antolatzen, 2018an sartu bainintzen komisioan. Baina, komisioan sartu aitzinetik laguntzen ibiltzen nintzen ere etxez etxe bestetako programak banatzen eta bertzelakoetan». 

Indibidualistagoak

Zortzi urte hauetan komisioan eta bestetako antolaketan aldaketak egon direla aitortu du eta aldaketa horiek gizartearen eraldatze bidean gertatzen diren joan-etorrien efektu zuzen gisa aurkeztu ditu. «Gauzak aldatu egin dira urte hauetan, aldaketak beti badaudelako, bai programaren antolaketan baita elkarlanean ere. Azken finean, gizartean gertatzen diren aldaketek eragina izaten baitute besten antolaketan ere». Horren harira, Garmendiak «herri mailan gauzak antolatuz elkarlanean aritzea gustuko duen gazte» gisa definitu du bere burua eta «herri giro osasuntsu eta polita» sortzeko helburuarekin lanean ibiltzen dela erran du. Baina, urteak pasatu ahala,  geroz eta zailagoa bihurtzen ari da edozein gauza antolatzea. «Geroz eta laguntza guttiago hartzen dugu herritarren partetik, kontuan hartuz geroz eta indibidualistago bihurtzen ari garela».

«Gure lana bestak bideratzea da, baina ez denaz arduratzea. Horretarako herriaren eta herritarren laguntza ezinbertzekoak dira»

Bertzalde, herritarrek orokorrean geroz eta guttiago laguntzeaz aparte, jendeak geroz eta ardura guttiago hartzen duela eta komisioan geroz eta guttiago direla ere aipatu du, eta horrek eragin nabarmena duela ziurtatu du: «Hasieran komisioan sartu nintzenean indarrez eta gogotsu hasi nintzen, baina urteak pasatu diren heinean, gogo eta indar horiek guttiagotzen joan zaizkit hainbat arrazoiengatik. Batetik, jendea komisiotik atera egiten da eta ez da uzten duten hutsunea betetzeko jende berririk sartzen; eta bertzetik jendearen borondateak huts egiten duen aldiro, komisiokoei lana bikoiztu egiten zaigu». Honen aitzinean, egoerari buelta emateko herritarren laguntza funtsezkoa dela jakinarazi du. «Gure lana bestak bideratzea da, baina ez denaz arduratzea. Horretarako herriaren eta herritarren laguntza ezinbertzekoak dira». 

Komisioan parte hartzeak besten bertzelako ikuspuntu bat ematen duela  esplikatu du: «Komisioan parte hartzeak bestetako ekintzak gehiago baloratzea egiten dit». Kanpotik kexatzea erraza izan ohi delako, baina barnetik diferente bizitzen delako dena. «Anitzetan kexatu egiten gara plazara ekarri ditugun taldeak ez direla onak, baina ez dugu esfortzurik egiten talde horiei aukera bat emateko eta nahiago izaten dugu herriko ostatuetara regetoia aditzera joan». Gainera, musika taldeak lotzea iduri duena baino zailago dela ohartarazi du eta aurten bereziki zailagoa izan dela onartu du: «Aurten inoiz baino lehenago hasi ginen bestak antolatzen urtero zailtasunak izaten ditugulako, eta aurten, gainera, Hatortxu Rocken azken edizioa data berdinean ospatuko denez,  oraindik zailagoa izan da».

Aurpegiaren bertze aldea

Zailtasunak izan arren eta bestak antolatzeak esfortzu eta lan handia suposatu arren, merezi izaten duela gaineratu du Garmendiak. «Hasieran urduri eta kezkaturik hasten ditut bestak, gauzak ongi aterako ez direnaren beldurrez. Baina egunak pasatu ahala eta dena ongi doala ikusi ahala, urte osoan egindako lanak bere fruitua eman duela ohartzen naiz eta pozik jartzen nau horrek».  Azken finean, herriko bestak «egun politak» izaten direlako eta «jendea karrikara ateratzen delako elkarrekin ospatu eta ongi pasatzera». 

Azkenik, gehien disfrutatzen duena gazte bazkaria dela aipatu du, «bertan sortzen den giroa paregabea» delako eta egun hori, Gazte Eguna, berezia delako. «Herriko gazteak elkartu egiten garen eguna da eta gero elkartez elkarte arratsaldea igarotzen dugu giro onean».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun