Elizondoko Herriak «herri batasunaren» alde, zapiez gain, kamiseta urdinak eta polo zuriak atera ditu aurten, bestetan elizondoarren nortasuna agerian uztearren. «Ea herriko plaza urdinez eta zuriz margotzea lortzen dugun aurtengo bestetan».
Diseinatzaile
Arropetako diseinuaren sortzailea Ganix Gorosabel elizondoarra izan da. «Nire izebarengandik ailegatu zitzaidan proposamena. Herriko kargoduna da eta fabore bezala eskatu zidan», azaldu du Gorosabelek. «Jakin-min handiko Elizondoko mutil gazte bat, egunez programatzaile eta gauez diseinatzaile» gisa definitu du bere burua eta diseinuarekiko atxikimendu hori eta bere izaeraren parte den jakin-mina aprobetxatuta proposamenari baiezko erantzuna eman ziola azaldu du: «Ilustratzaile profesionala ez naizen arren, erronka onartu eta zirriborroak egiten hasi nintzen». Proiektuarekin zerotik hasi ez zela aitortu du, proposamena egin ziotenerako oinarriak finkatuta baitzeuden eta egin beharreko lana hala-nola bideratuta baitzegoen. «Zirriborro bat pasatu zidaten kolore bakarreko kartel bat deseinatzeko ideiarekin, letra batzuk ilustrazio bihurtzeko ideiarekin». Hala ere, lan handia egin behar izan du eta eskertzekoa da bere inplikazioa. «Proiektu hau egiteko ez nuen denbora aunitzik izan, bertze hainbat proiekturekin ere lanean ari nintzelako, baina hala ere egitea erabaki nuen».
«Helburua, gure tradizioei omenaldia eginez, Elizondoko besten esentzia eta eragiten dituzten sentimenduak biltzea izan da»
Bere lana, batez ere, letrak ikonoekin tartekatzea eta ordezkatzea izan da. «Argi ikusi daiteke kamisetan Elizondoko bestak paratzen duela, baina arretaz begiratzen badugu letrak herriaren esentzia bera eta bestak irudikatzen dituzten ikono bihurtzen direla ohartuko gara: Buruhandi bat, erraldoi bat eta baita herriko bestei urtero hasiera ematen zien Mayi Juanikotena bera ere». Bere helburua Elizondoko bestak irudikatzeaz gain, haratago doan helburu hunkigarri bat dela esplikatu du: «Helburua, gure tradizioei omenaldia eginez, Elizondoko besten esentzia eta eragiten dituzten sentimenduak biltzea izan da. Horrez gain, kamiseta ikusten duen edonori irribarrea aurpegian eragitea ere bada helburua». Gainera, Mayi Juanikotena omendu nahi izan du Gorosabelek eta, hortaz, letretako bat Mayiren irudikapenarekin ordezkatu du.
Mayiri omenaldia
Nor izan zen Mayi Juanikotena? Mayi Juanikotena, Miguel Mari Junikotena Hita izen osoz, urte luzez Elizondoko bestak antolatzen eta herriko bertze hainbat ekitalditan parte hartzen ibili zen elizondoarra izan zen. Joan den urteko abuztuan hil zen, 2024ko Elizondoko bestetako txupinazoa bota eta gero. Juanikotena beti ibili zen altxaferoekin hemendik harat urtero omenduak ziren horiei txupinazoa botatzea ahalbidetzen. Eta, hortaz, joan den urtean, herriari urte luzez eskaini zion zerbitzu ugariengatik eta bere eskuzabaltasunagatik bera izan zen omendua. Hainbertze urteren ondotik berari tokatu zitzaion bertze aldean egotea eta txupinazoa botaz bere biziko azken bestak izanen zirenei hasiera ematea. Gorosabelek berak ere urte bat mantsoago omenaldi ttiki bat egin nahi izan dio, hurbileko pertsona zuelako Mayi. Bere barridea zen eta ttikia zenetik ezagutzen zuen, beti bere altxaferoekin bueltaka.
Irudi solteak
Diseinua sortzeko orduan, bere inspirazio iturri nagusia Elizondoko bestak imajinatzean burura datozkion irudi solteak izan direla erran du: «Buruhandien, erraldoien, jendez gainezka dagoen plazaren eta suziriaren jaurtiketaren momentuaren irudiak izan dira inspirazio iturri». Irudi horiek eta gehiago baitira herriko bestak hitzak ahoskatzean burura datozkionak: «Bestak hitzak aditzean txupinazoaren ondotik zapia jartzea eta besten hasmenta, erraldoi eta buruhandien konpainiaz karriketako giroa, gaiteroak eta txarangak herria alaitzen eta, batez ere, haur eta helduen aurpegietako poza erakusten dituzten irudiak etortzen zaizkit burura».
Erronka
Azkenik, prozesua lineala izan ez dela ere aipatu du, «beti gauzak hobetzen saiatzen den mutila» dela ziurtatu baitu. «Erronka handiena kontzeptu solteak letra bakar baten barnean sartzen ziren formetan transformatzea izan da, irakurgarritasuna ez galtzeko asmotan. Hortaz, iritziak behin eta berriz eskatu ditut eta, azkenean, funtzionatzen ez zuena baztertuz eta funtsezkoari eutsiz, azken emaitza hau lortu dut». Lan handia egin ondotik emaitzarekin kontent gelditu da Gorosabel.