Urriaren 24an Lesakako Liburutegiak hamar urte beteko ditu Harriondoa kultur etxean. Bezperan, urriaren 23an, ortziralez, ospakizun besta handia antolatu dute, Lesakako Irakurraldi Jarraituaren I. Jaialdia. Liburutegian bildu eta 12:00etatik 20:00etara, elkarrekin ozen irakurtzen ariko dira irakurzaleak. Goizean ttikiak izanen dira protagonista eta arratsaldean helduak.
Bizitza baten txatalak, andre bat lurrari emana liburua Aresoko udaletxeko erabilera anitzeko aretoan aurkeztuko du, ostiralean, urriaren 23an.
Solasaldi arras interesgarria antolatu dute ortzirale honetarako Iturengo eskolan, arratsaldeko zazpietan. Izan ere, 1936an errepresio frankistaren biktima izan ziren hiru herritar: Aurtizko Pedro Maria Gorostidi Imaz (medikua), Miguel Hualde Gorosterrazu (herriko etxeko diruzaina) eta Juan Bautista Iriarte Azpiroz (Arraitzen maisu ari zena). Irailaren 28an fusilatu eta Bidasoaren bazterreko ezponda batean sartu zituzten. Haien inguruko ikerketa egina dute Fernando Mikelarena eta Juainas Paul historialariek, eta beraiek izanen dira ortzirale honetan xehetasunak emanen dituztenak.
Etxalarren bizi den Víctor Masferrer kataluniarraren Denboraren materia proiektua ikusgai izanen da Lesakako liburutegian urriaren 8tik 30era. Proiektu honek eskultura eta prozesu gailu bat proposatzen du, liburutegiko airea bildu eta poliki-poliki ur bihurtzen duena. Kondentsazio sistema baten bidez, espazioan dabilen eta arnasten den airea tanta moduan ikusgarri bihurtzen da, liburutegian emandako denbora partekatua materia ukigarri bihurtuz.
Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko da urriaren 15ean, eta horren harira, Baztango Kultura Zerbitzuak bertako emakumeen antzinako irudiak paratuko ditu ikusgai Elizondoko Arizkunenea kultur etxeko 1. solairuan. Urriaren 1etik 31ra egonen da irekia, lanegunetan 16:00etatik 20:00etara.