Nafarroako VI. Liburu Azokaren harira, Bi ahotsetara zikloaren barrenean, Isiltasunak mesede egiten dio (euskal) literaturari topaketa literarioa eginen dute Josu Jimenez eta Haritz Larrageta idazleekin ekainaren 4an, ortzegunean, 18:00etan, Lesakako liburutegian (euskaraz).
Mugaz Gain Antzerki Jardunaldiak eginen dituzte ekainaren 3tik 5era, Ixtaklok elkarteak, Berako Udalaren eta Berako Kultur Batzordearen laguntzaz antolatuta. Herriko lau ikastetxetako ikasleek hartuko dute parte eta goizeko saioak ikasleentzat izanen dira eta arratsaldekoak publiko denarentzat. Goizeko sarrerek euro bat balio dute eta arratsaldekoek, aldiz, bi euro.
Zazpi komiki, hamaika ipuin, zortzi antzezlan eta lau film labur. Uzta hori eman du Udalbiltzak antolatutako Geuretik Sortuak egitasmoaren hirugarren edizioak. Eta lan horiek proiektuan parte hartu duten 46 herrietan erakusten ari dira orain. Bortzirietan Etxalarren eta Arantzan ikusgai izan ondotik, aste honetan, astelehenetik ortziralera, ikusgai dago Lesakako liburutegian, 15:00etatik 20:00etara.
Nafarroako Klima aldaketa erakusketa Etxalarko Pello Apezetxea Kultur Etxean egonen da ikusgai ekainaren 1etik 11ra, euskaraz. Publiko guztientzat irekia egonen da, doan, eta inprimaki bat eskuragarri egonen da jendeak erakusketaren gaineko oharrak eta iritziak idatz ditzan. Gainera, Klima aldaketara egokitzea Nafarroan izeneko solasaldia emanen du Fernando Señar Beak, Nafarroako Klima Aldaketarako Bulegoko zuzendariak ekainaren 9an, asteartean 17:30ean.