Asteazkenean, abenduaren 17an, eginen du urteroko eguberrietako kontzertua Berako Isidoro Fagoaga udal musika eskolak. Kontzertu solidarioa izanen da, Aspace elkartearen alde.
Asteazkenean 18:30ean hasita herriko etxeko pleno aretoan, argindar fakturaren inguruan saio praktikoa eskainiko dute eta, bidenabar, heldu den urterako aurreproiektuen berri emanen dute.
Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak antolatutako Fluxu Arte Garaikideko Zirkuitua Nafarroan programaren bigarren edizioaren barrenean, Amaya Suberviolaren margolariaren Spam-01 erakusketa ikusgai izanen da abenduaren 12tik urtarrilaren 25era Lesakako liburutegian. Urtarrilaren 23an, 18:00etan margolariarekin topaketa eginen dute.
Aurten ere Olentzero etorriko da Mari Domingirekin batera Sarako plazara abenduaren 20an, larunbatean. 16:00etan krakada izanen dute Lur Berri gelan, Kiki Bordak alaiturik. 16:50ean desfilea, Urdazubiko trikitilariekin eta Txinpartako pandero jotzaileekin. 17:00etan kantuak eta dantzak Suharriagan. 17:30ean Sebastien eta Mirentxu musikariak eta plazan gaztainak Olhain ikastolaren eskutik eta errekiak hautetsien eskutik. Eta finitzeko, 18:30ean, Supitzen sua eta Zazpiak Bat dantza taldearen saioa.