Caja Rural ProTeam taldeak fitxatu du datozen hiru urtetarako
Txirrindulari saratarrak urtebete eskas darama Caja Ruralen, eta orain arte bigarren taldean aritu da, 23 urtez azpiko Caja Rural-Alea taldean. Lau garaipen ere lortu ditu denbora honetan: etapa bat Alicante Interior Challenge lasterketan, Nafarroako Itzulia lehen etapa eta lidergoa, eta bertze bat La Haute-Bigorreko Itzulian. Azken horretan, gainera, sailkapen nagusian gailendu zen.
Aitzinetik, joan den urtean, Kanadako Tour de l’Abitibi itzulia irabazi zuen, hiru etapatan garaipena lortzeaz gain.
Ellande Larronde gai da mendi ez hagitz gogorretan nabarmentzeko, eta ederki moldatzen da taldetxoetako esprintetan, azkarra baita. Abila da ordekan eta erlojupekoetan ere. Errepidean ez ezik, pistan ere aritzen da, eta nazioarteko hainbat txapelketetan lehiatu da Frantziako elite selekzioarekin. Hasi, ordea, mendiko bizikletan hasi zen, duela hiru urte eskas. Errepidean bi urte eskas daramatza, baina dagoeneko lortu du profesionaletara salto egitea.