Ellande Larronde txirrindulari saratarrak irabazi du Kanadako Tour de l’Abitibi itzulia

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 22a, 19:00

Ellande Larronde saratarra hainbat aldiz igo da podiumera Kanadako Tour de l'Abitibi itzulian. Hiru etapa irabazi ditu, baita sailkapen nagusia eta erregulartasunaren saria ere.
  • Sailkapen nagusian eta puntukakoan gailentzeaz gain, hiru etapa ere irabazi ditu 17 urteko txirrindulariak.
  • Kanadan lortu dituen azken garaipen hauetaz gain, apirilean Primevere Montoise Junior lasterketa irabazi zuen eta maiatzaren 1ean, Akitania Berriko txapelketa irabazi zuen junior mailan. Ekainean, Gedimat junior lasterketa ere irabazi zuen.

Pogacar Frantziako Tourrean bezalatsu, jaun eta jabe izan da Ellande Larronde txirrindulari saratarra Kanadako Tour de l’Abitibi itzulian. Joan den astearteko lehen etapa irabazi eta liderraren maillota hartu ondotik, erlojuaren kontrako etapa irabazi zuen ortzegunean eta igandeko hondarreko etapa ere irabazi zuen. Beraz, hiru etapa irabazi, sailkapen nagusiko irabazlearen maillota eta erregulartasunaren saria ere lortu ditu Larrondek.

Aipatu bezala, uztailaren 16an, asteartean abiatu zen Tour de l’Abitibi lasterketa, Rouyn-Noranda eta Val d’Or arteko 115,6 kilometroko etaparekin. Ellande Larronde nagusitu zen ihesaldian (2.27.41) eta hamazazpi segundoko aldea atera ziren Ben Morin eta Carl Truffer kanadiarrei.

Asteazkenean, Amos eta Val d’Or arteko bigarren etapan ere bosgarren izan zen Larronde, sailkapen nagusian zuen aldeari eutsiz.

Ortzegun goizean, berriz, Val d’Or eta Cité de l’Or arteko 8,3 kilometroko erlojuaren kontrako etapa ere ongi irabazi zuen Larrondek, 10 minutu eta 34 segundoko denborarekin. 23 segundoko aldea atera zion bigarren izan zen Zeelanda Berriko Oliver Scott txirrindulariari eta eta 28 segundokoa Carl Truffer kanadiarrari.

Ortzegun arratsaldean, Malarticen hasi eta bukatu zen 58,4 kilometroko etapako sprintean sartu zen Larronde seigarren izan zen, garaile izan zen Victor Mendoza kolonbiarraren denbora berean (1.12.42).

Ortziraleko etapan ere, sailkapen orokorreko aldeari eutsi zion Larrondek. Senneterren hasi eta bukatu zen 140 kilometroko ibilbidean bizkorrena Estatu Batuetako Nolan Church izan zen (3.15.12) eta 26 segundora sartu zen saratarra.

Larunbateko etapa, Val-D’Or hirian hasi eta bukatu zen, 124,8 kilometro egin ondotik. Sprintean erabaki zen eta Larronde hirugarren izan zen, garaile suertatu zen Jonathan Hinse kanadiarraren denbora berean (2.58.46).

Honela, igandeko azken etapara lider ailegatu zen Larronde, minutuko abantailarekin sailkapen nagusian eta hamaika puntuko aldearekin erregulartasunaren sarian. Horrekin aski ez eta Senneterre eta Val-D’Or arteko 118,3 kilometroko hondarreko etapa hori ere irabazi zuen Sarakoak, Zeelanda Berriko Oliver Scottekin ihes egin eta azken sprintean nagusituta (2.47.29). Keito Kamiya japoniarra hirugarren izan zen, 2 minutu eta 10 segundora eta tropela 2 minutu eta 21 segundora sartu zen.

Gauzak honela, Ellande Larrondek sailkapen nagusiko lehen postua eskuratu du Tour de l’Abitibi itzulian (15.03.19). Minutu eta 13 segundoko aldea atera dio Zeelanda Berriko Oliver Scotti eta 3 minutu eta 38 segundokoa Kanadako Ben Morini. Puntukako sailkapenean 141 puntu lortu ditu saratarrak, 102 Scottek eta 88 Jonathan Hinse kanadiarrak.

Urte ederra egiten ari da Ellande Larronde saratarra. Kanadan lortu dituen azken garaipen hauetaz gain, apirilean Primevere Montoise Junior lasterketa irabazi zuen eta maiatzaren 1ean, Akitania Berriko txapelketa irabazi zuen junior mailan. Ekainean, Gedimat junior lasterketa ere irabazi zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun