Abuztuaren 21etik 25era Txinan jokatu den munduko junior mailako pistako txirrindularitza txapelketan parte hartu du Ellande Larronde saratarrak. Zilarrezko domina batekin bueltatu da, Frantziako selekzioarekin bigarren izan baitzen jazarpen proban, Italiaren gibeletik. Bakarkako jazarpenean, berriz, podiumera igotzeko urrats batera egon zen, laugarren izan baitzen. Omnium proban ere parte hartu zuen Larrondek eta bederatzigarren izan zen.
Taldekako jazarpen proban lortu zuen zilarrezko domina Larrondek Luoyangen (Txina), Menanteau, Busson eta Charret Frantziako selekzioko taldekideekin batera. Italia izan zen txapeldun eta Erresuma Batua hirugarren, Bakarkako jazarpen proban ere lan bikaina egin zuen Larrondek eta podiumera igotzeko urrats batera egon zen, laugarren izan baitzen. Brontzerako borrokan, Italiako Alessio Magagnottirekin galdu egin zuen. Urrezko domina Erresuma Batuko Henry Hobbsek eskuratu zuen eta zilarrezko domina Australiako William Holmesek. Bi proba hauetaz gain, Omnium modalitatean ere parte hartu zuen txirrindulari saratarrak eta bederatzigarren izan zen.
Txinan emaitza bikain horiek lortu ondotik ere lanean segitzen du Larrondek, denboraldi bukaeran dituen bertze helburuetan enfokatua. Beraz, ez du Sarako bestak ospatzerik izanen.