Mugako pasabideak otsail bukaera baino lehen ez dituzte irekiko

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 21a, 15:00

Eric Spitz Pirinio Atlatikoetako prefetak prentsa aitzinean adierazi du Frantziako estatuan atentatuak izateko arriskua «handia» dela eta tarte horretan mugako pasabideek hetsiak segituko dutela. «Ez dugu aurreikusten otsail bukaera baino lehen irekitzea». Ilbeltzaren 14az geroztik hetsia dago Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko pasabidea zortzi lekutan, tartean Lizuniagako lepoa, Lizarietako lepoa, Berruet bentako pasabidea eta Izpegiko lepoa.

2020ko urte bukaeraz geroztik atentatuen arriskua handia dela erran du Spitzek, «zaintza indartu» dutela, baina «ezin duela mugako pasabideak irekitzeko datarik eman». Horrekin batera, «erabakia hartu aitzinetik eztabaida luzeak» izan zituztela azaldu du eta gaineratu duenez, «hasieran Behobiako zubia, Somporteko eta Ibardingo pasabideak ixtea ere pentsatu genuen».

Pirinio Atlantikoetako Prefeturak ilbeltzaren 12an jakinarazi zuen zortzi pasabide itxiko zituztela, «terrorismoaren aurkako borroka indartzeko». Geroztik hauek daude itxita.

  • Hendaia eta Hondarribia lotzen dituen itsasoko nabeta;
  • Hendaiako merkantzia zubia;
  • Lizuniagako lepoa (Sara-Bera);
  • Lizarietako lepoa (Sara-Etxalar);
  • Berruet bentako pasabidea (Sara-Zugarramurdi);
  • Izpegiko lepoa (Erratzu-Baigorri);
  • Aldudeko ibarrekoa;
  • Iturzaetako lepoa (Larraine-Abodi).

Gainerako pasabideak irekiak  dira. Hala, ibilgailuak eta oinezkoak eremu hauetatik pasatzera gomitatuak ditu prefeturak:

  • Hendaia eta Irun arteko Santiago zubia,
  • Pausuko zubia eta Biriatuko muga;
  • Ibardineko lepoa,
  • Dantxarineko muga,
  • Arnegiko muga.

Erabakia, ordea, ez da herritarren gustukoa izan eta aunitz izan dira protestan atera diren herritarrak. Joan den larunbatean, erraterako, 70 bat lagun bildu ziren Sara eta Zugarramurdi artean pasabideak hetsi dituztela salatzeko. Larunbat honetan, berriz, hilaren 23an, 'Herri bat gara, mugarik ez!' lelopean elkarretaratzea deitua dute Izpegiko lepoan. EH Baik eta EH Bilduk ere salatu izan dute erabakia, mugak hetsita «Euskal Herriaren barne bizitza baldintzatuko dutela» uste baitute.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun