Ortzegunetik aitzinera Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko muga itxiko dute zortzi lekutan

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 12a, 20:30
Lizuniagako lepoa Bera eta Sara artean.

Pirinio Atlantikoetako Prefeturak jakitera eman duenez, «terrorismoaren aurkako borroka indartzeko» ortzegunetik aitzinera Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko zortzi pasabide itxiko dituzte. Oraingoz ez dute zehaztu noiz arte iraunen duen neurri honek.

Zehazki, hauek dira itxiko dituzten mugako bideak:

  • Hendaia eta Hondarribia lotzen dituen itsasoko nabeta;
  • Hendaiako merkantzia zubia;
  • Lizuniagako lepoa (Sara-Bera);
  • Lizarietako lepoa (Sara-Etxalar);
  • Berruet bentako pasabidea (Sara-Zugarramurdi);
  • Izpegiko lepoa (Erratzu-Baigorri);
  • Aldudeko ibarrekoa;
  • Iturzaetako lepoa (Larraine-Abodi).

Gainerako pasabideak irekiak izanen dira. Hala, ibilgailuak eta oinezkoak eremu hauetatik pasatzera gomitatu ditu prefeturak:

  • Hendaia eta Irun arteko Santiago zubia,
  • Pausuko zubia eta Biriatuko muga;
  • Ibardineko lepoa,
  • Dantxarineko muga,
  • Arnegiko muga.

Prefeturak azaldu duenez, Frantziako Barne Ministerioarekin eta Espainiako Gobernuak Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan dituen ordezkariekin hitzartuta hartu du muga partzialki ixteko erabakia. Atzo hartu zuten itxieraren abisua Hendaia, Sara, Urepele, Baigorri eta Larraineko auzapezek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun