Mugak itxita «Euskal Herriaren barne bizitza baldintzatuko dutela» salatu dute EH Baik eta EH Bilduk

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 14a, 16:00
Sara eta Bera arteko bidea itxi dute. @FranckDolosor

«Terrorismoaren aurkako borroka indartzeko» gaurtik aitzinera itxita daude Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko zortzi pasabide, horien artean Lizuniagako lepoa (Sara-Bera), Lizarietako lepoa (Sara-Etxalar), Berruet bentako pasabidea (Sara-Zugarramurdi) eta Izpegi (Erratzu-Baigorri). Horren harira, EH Baik eta EH Bilduk «Frantziako eta Espainiako estatuek Euskal Herriaren barne bizitza baldintzatzeko edo zuzenki eteteko duten gaitasuna» salatu dute.

Pirinio Atlantikoetako Prefeturak urtarrilaren 12an, asteartean, eman zuen ebazpenaren berri, baina ez du zehaztu neurria noiz arte izanen den indarrean. EH Bildu eta EH Bairen arabera, «erabakia Frantziako Barne Ministerioarekin eta Espainiako Gobernuak Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan dituen ordezkariekin hitzartuta izan da» eta «ez da lehenbiziko aldia»: «orain dela hilabete batzuk bi estatuek mugak itxi zizkiguten Covid-19aren pandemia dela eta, baita G7ren karietara ere, euskal herritarrei kalte ugari pairatuz».

EH Bildu eta EH Bairen irudiko, «mugen itxiera honek Frantziar eta Espainiar estatuek Euskal Herriaren barne bizitza baldintzatzeko edo zuzenki eteteko duten gaitasuna erakusten du, konplexurik gabe». Eta honela, «nazio gisa ditugun urradurak eta arrakalak areagotzen» direla salatu du.

«Terrorismoaren kontrako borroka indartzearena aitzakiatzat hartuta neurriz kanpoko presentzia poliziala eta giro sekuritarioa areagotuko direla» diote EH Baik eta EH Bilduk: «gure herria setio egoeran jarriz». Horren adierazle Baigorriko opor zentroan berriki jarritako militarren kanpalekua dela uste dute: «orotara 4.800 polizia, jendarme eta militar mobilizatuak izanen dira operazio honetarako».

Bi alderdien hitzetan, bi estatuek «beraien izaera uniformizatzailea sendotzeko baliatu» nahi dute egoera: «euskal herritarren arteko harreman naturala, familiarra, afektiboa, kulturala, soziala, ekonomikoa, etab... eten eginen dizkigute, inposaketaren bitartez». Hori horrela, «zentralismoaren aitzinean, nazio eta herri bezala bizitzeko, erabakitzeko eta baliabide eta tresnak indartzeko inoiz baino behar handiagoa dagoela» diote.

 

Lizarietako bidea itxi dute baina bazterretik pasa liteke.  @FranckDolosor

Lizuniagako bidea itxita, gaur goizean. @FranckDolosor

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun