Tradizioan eta egungo erabileran badira honelako esaldi egokiak:
- Hori egin zenuenean, gauza ona egin zenuen (gertakari baten inplikazioa [=hori eginda]).
- Zuk horrela diozunean, horrela izanen da (baldintza).
- Zerbait jakinen du, halako ziurtasunez mintzatu denean (baldintza-kausa).
- Kontent egoten ahal dira suak dena kiskali ez duenean (kausa).
- Honaino ailegatu zarenean, aitzinera segitzeko gauza izanen zara (denbora-kausa).
Bertze batzuetan, hala ere, erdarazko —es: ‘cuando’ / fr: ‘quand’, ‘lorsque’— hitzen molde kalkatu(egi)a dagoela dirudi.
Ustekabeko zerbait adierazi nahi denean:
- ?Zubira ailegatzen ari ginen, sute bat ikusi genuenean > Zubira ailegatzen ari ginen, eta (, bat-batean,) sute bat ikusi genuen. / Zubira ailegatzen ari ginela, (bat-batean,) sute bat ikusi genuen. / Zubira ailegatzen ari ginela, hara non sute bat ikusten dugun.
Edo kontzesiozko adierari gain hartzen dionean:
- ?Myanmarren oraindik bada laguntzarik hartu ez duen lekurik, zikloiaren astindutik bederatzi egun pasa direnean > Zikloiaren astindutik bederatzi egun pasatu dira, eta Myanmarren oraindik bada laguntzarik hartu ez duen lekurik / bederatzi egun pasatu badira ere....
Edo moduzko adiera errespetatzen ez duenean:
- ?Langile bat hil da gaur istripuz. Kiroldegi berria eraikitzeko obran ari zen, 12 metrotik behera erori denean > Langile bat hil da gaur istripuz. Kiroldegi berria eraikitzeko obran ari zela, 12 metrotik behera erori da.
*Oharra: Izartxoa dutenak gaizki daude eta ? zeinua duten adibideen gramatikaltasuna zalantzazkoa da.