‘*Ura ardoan bihurtu’ edo ‘Ura ardo bihurtu’?

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 3a

Bihurtu aditzak mugagabean eskatzen du (eta berdin bilakatu) aditzaren predikatu osagarri den izena. Beraz, ura ardo bihurtu da zuzena.

Hona hemen adibide batzuk:

  • *Ura ardoa bihurtu > Ura ardo bihurtu.
  • *Eguna gaua bihurtu > Eguna gau bihurtu.
  • *Topikoa bihurtu > Topiko bihurtu.
  • *Igel batean bihurtu zen > Igel bihurtu zen mutikoa.

Zenbaitetan, hala ere, determinatzailea behar izaten du, berekin baldin badarama izenondo, izenlagun, perpaus erlatibo edo halako osagarriren bat:

  • Emakumerik azkarrena bihurtu zen.
  • Buztin-kolorekoak bihurtu ziren.

Baina artikulua ez da beti nahitaezkoa:

  • Gizon eder(a) bihurtu.
  • Bihotz sendoko emakume(a) bihurtu.

Eta gogoan izan. Kalko desegokia da era horretakoak inesiboan (-n) erabiltzea. Euskal moldean ez da zertan bihurtu, baizik zer bihurtu.

  • Emakumerik ederrena (*ederrenean) bihurtu zen.
  • Ura ardo bihurtu zuen (*ardoan, *ardotan).

*Oharra: Izartxoa dutenak ez dira zuzenak. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun