Zentral eolikoak eskualdean

Bertze hiru proiektu eoliko mendi kaskoetan

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 7a

Ezkerretik hasita, Iñaki Otegi oiartzuarra, Agoitz Irazoki lesakarra eta Arantxa Ansa aranoarra. Inguruan ate joka dituzten eolikoen proiektuen kontrako taldeetan dabiltza.

Hiru proiektu horietatik bi Repsol enpresak egin nahi ditu: Domiko proiektua Goizueta, Lesaka eta Oiartzungo lurretan, eta Erreka proiektua Arano, Goizueta, Berastegi, Elduaien, Ereñotzu eta Hernani aldean. Hirugarrena Endesarena da, Ikatz Gane. Hernaniko lurretan aurreikusi du, Aranotik bistan. Hiru proiektu horiei buruz mintzatu dira Arantxa Ansa aranoarra, Agoitz Irazoki lesakarra eta Iñaki Otegi oiartzuarra. Kezkatuak daude. 

Proiektu eolikoek ez dute etenik. Azken urteotan, bat bertzearen gibeletik ailegatzen ari dira. Konparazio batera, 2020an Lesakako Auzoberri auzoan hamaika aerosorgailu paratzeko proiektua aurkeztu zuten; 2023an gehiago etorri ziren: Azkua proiektua Arantza, Etxalar, Igantzi eta Sunbillako lurretan, hamabi eolikorekin; eta Irakurri proiektua Ezkurra, Eratsun, Saldias eta Beintza-Labaiengo lurretan, hamaika eolikorekin. Urte berean, Zubietako eta Iturengo udalen atea jo eta borzpasei aerosorgailuko Galardi proiektua aurkeztu zuten, eta Zubietan Arburu izeneko bertze proiektu bat eduki zuten esku artean. Joan den urtean Mendaur eta Irakurri artean bertze bat iragarri zuten, Ituren, Zubieta, Beintza-Labaien, Eratsun, Ezkurra eta Goizuetako terrenoetan. Azkenean, enpresak berak erran zuen proiektuarekin ez zuela aitzinera segituko. 

Aipatutako proiektuak, oraingoz, alde batera utziak dira. Baina gehiago ere badira. Guttienez, hiru dira, gaur-gaurkoz, eskualdean mahai gainean daudenak: Domiko proiektua Goizueta, Lesaka eta Oiartzungo lurretan; Erreka proiektua Arano, Goizueta, Berastegi, Elduaien, Ereñotzu eta Hernani aldean, eta Ikatz Gane Hernaniko eta Ereñotzuko lurretan, Aranotik hurbil. Hiru proiektuek elektrizitatea sarera konektatzeko baimena lortua dute. 

Hiru proiektu horien inguruan aritu dira Arantxa Ansa aranoarra (Urumeako Mendiak Bizirik eta Bianditz-Domiko Bizirik taldeetako kidea), Agoitz Irazoki lesakarra (Endara Bizirik plataformako kidea) eta Iñaki Otegi oiartzuarra (Bianditz-Domiko Bizirik taldeko kidea). Kezkatuak daude halako proiektuen ondorioekin, baita «udal batzuen jarrerarekin» ere. Herritarren artean sumatu duten «desmobilizazioa» ere aipatu dute. Bertzalde, TTIPI-TTAPAk udaletara ere jo du eta Joxan Ruiz Aranoko alkatearekin, Unai Miranda Goizuetako alkatearekin, Ladis Satrustegi Lesakako alkatearekin eta Joana Mendiburu Oiartzungo alkatearekin –senpertarra da– mintzatu da. Elkarrizketak bihar argitaratuko ditu ERRAN.EUSen. 

Hiru proiektu mahai gainean

Aranon maiz erakutsi dute makroproiektu eolikoen kontra daudela.

Erreka proiektua: 15 eoliko Adarra-Mandoegi mendilerroan

Erreka proiektua da hiru proiektuetan handiena, 99 megawattekoa, eta Erreka proiektuaren gibeletik Repsol dabil. Arano, Goizueta, Berastegi, Elduaien, Ereñotzu eta Hernani aldean hamabortz eoliko paratu nahi ditu, Adarra-Mandoegi mendilerroan; hauetako bakoitza 6,6 megawattekoa eta 205 metrokoa. Denetara 50 megawatt baino gehiago dituenez, eta bi herrialderi eraginen liokeenez (Nafarroa eta Gipuzkoa), Espainiako Gobernuaren esku geldituko litzateke. Oiartzungo Gurutze auzoko Arkaleko estaziora eginen luke konexioa, eta ebakuazio linea horrek 21 kilometroko luzera eta bidean 68 dorre izanen lituzke. Proiektuak konexio baimena 2023ko maiatzean lortu zuen.

Domiko proiektua: bederatzi eoliko Lesakatik Artikutza aldera

Domiko proiektuaren gibelean dagoena ere Repsol enpresa da eta Goizueta, Lesaka eta Oiartzungo lurretan egin nahi du, Lesakatik Artikutza aldera. 205 metroko eta 6,6 megawatteko bederatzi aerosorgailu paratu nahi ditu. Denetara 58,73 megawatteko proiektua da, eta kasu honetan ere, 50 megawatt baino gehiago dituenez eta bi herrialderi eraginen liokeenez, Espainiako Gobernuak tramitatuko luke. Gainerakoan, 2023ko maiatzean lortu zuen konexio baimena eta ebakuazio linea Bianditzetik Oiartzungo Gurutze auzoko Arkaleko estaziora izanen litzateke, bidean 27 dorrerekin. Eolikoak paratu nahi dituzten tokira sarbidea, berriz, Lesakatik eginen lukete, Nabaz eta Katazpegi auzoetan barna.

Ikatz Gane proiektua: bortz eoliko Hernaniko lurretan, baina Aranotik hurbil

Endesa enpresak Hernaniko lurretan, baina Aranotik hurbil, egin nahi duen 24,95 megawatteko Ikatz Gane proiektuak ere aitzinera segitzen du. Gipuzkoako proiektua izanda, eta 50 megawatt baino guttiago izanda, Eusko Jaurlaritzaren esku dago tramitazioa. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak otsailaren 23an zabaldu zuen proiektua EAEko aldizkari ofizialean eta apirilaren 10era arteko epea izanen da helegiteak aurkezteko. Kasu honetan, 4,99 megawatteko bortz aerosorgailu paratu nahi dituzte  eta Urumeako Mendiak Bizirik taldeak jakinarazi duenez, eolikoak Aranotik bertan geldituko lirateke, Aranotik bistan. Urumeako mendiak Bizirik-ek alegazio herritarra prestatu du eta sinadura bilketa ere hasi du. Gainera, mobilizaziorako deia egin du martxoaren 12an; goizean ferian sinadura bilketa eta arratsaldean kontzentrazioa eta sinadura bilketa eginen dituzte Hernanin. 

Horrekin batera, aipatu behar da Repsolek Erreka proiektua eta Endesak Ikatz Gane proiektua toki berean egin nahi dituztela.

«Kalte larriak»

Kezkatuak, haserre, ezinegonez, triste… Domiko, Erreka eta Ikatz Gane proiektu eolikoen bueltan, halaxe sentitzen dira Ansa, Irazoki eta Otegi. Argi dute euren herrietan egin nahi dituzten proiektu eoliko horiek «kalte larriak» eraginen dituztela, eta jendea horretaz ohartzea nahi dute. «Mendiak ez dira energia fabrika. Multinazional eta oligopolio energetikoak Europako diru funtsen bila dabiltza. Ez dira herritarren ongizateaz arduratzen, beraien irabaziak handitzeaz baizik». 

«Herrien biziraupena, herritarron osasuna, ondare arkeologikoa, mendiak, fauna, abeltzaintza, baserri auzoak, urak, iturriak eta errekak, basozaintza, aisialdia…». Horiek dira euren «kezka nagusiak». Irazokik «baserri auzoak arrunt konprometituak» gelditzen ahal direla salatu du: «Lehendik ere badugu nahiko lan baserriak mantentzen! Lesakako kasuan, Auzoberriko proiektua aitzinera ateraz gero, garbi genuen 30 urteren buruan herriak auzo bat guttiago izanen lukeela».

«Halako proiektu batekin Arano pixkanaka desagertu daiteke»

Arantza ANSA, Arano

Ansak ere arriskuan ikusten du Arano. Erreka eta Ikatz Gane proiektuek bete-betean eraginen lukete Aranon, Ansaren hitzetan, «benetako kaltea. Haize errotaz inguratua geldituko litzateke. Plazatik eta etxeetatik oso gertu geldituko lirateke». Bere ustez, «energia berriztagarriak aurrera ateratzeko, sakrifizio guneak behar badira, ezin dute gure gain utzi, gure herrien biziraupena, ondarea, fauna eta mendiak suntsituz». Hunkituta gaineratu du: «Halako proiektu batekin Arano pixkanaka desagertu daiteke. 100 bat biztanleko herria gara eta kanpotik gure herrira bizitzera etorri diren 30-50 herritarrak ez dira Aranora kiroldegi bila etorri, edo liburutegi bila». 

Proiektu eolikoak aitzinera ateraz gero, Aranoko Udalak zabaldutako irudi honen arabera, ikuspegi hau izanen litzateke Aranoko plazatik.

Ondorio gehiago ere aurreikusi dituzte. Konparazio batera, «usoaren ehiza desagertu» eta «mendien silueta guzia aldatu» eginen da Otegiren arabera. Uste berekoa da lesakarra: «Eoliko hauekin, paisaia ez da sekula lehengoa izanen, betiko aldatuko da. Hemengo orografia ikusita, eragiten ahal duten txikizioa ikaragarria da». Ansak «atzera bueltarik izanen ez duten suntsiketak» hitzekin deskribatu du: «Hemendik 30 urtetara, aerosorgailu erraldoi horiek gure mendietan geldituko dira, deusetarako balio ez dutela, txatarra hutsa. Hori izanen da gure umeei utziko diegun ondarea. Ondare arkeologikoa izan beharrean, txatar hutsa».  

Domiko proiektuaren barrenean, eolikoek izanen luketen kokapena.

«Eragiten ahal duten txikizioa ikaragarria da»

Agoitz IRAZOKI, Lesaka

Lurralde antolamendua

Irazokik «enpresak nolanahi eta zernahi presentatzen» ari direla kritikatu du: «Herritarrok horri kontra egiteko plataformak sortzen ari behar dugu. Ez dago zer egiten ahal den eta zer ez zehazten duen plan estrategikorik». Baina plan estrategikoak aipatuta, ez da fio Ansa, «aldaketak» sumatzen baititu: «Mendien birkalifikazioak, adibidez, aldatzen ari dira. Eusko Jaurlaritza Lurralde Plan Sektoriala aldatzen ari da mendiak energia fabrika bihurtzeko. Lehen, adibidez, Mandoegi ingurua maila baxuko erabilpeneko lekua zen, eta gaur egun, maila ertaina edo altua du. Enpresa handi horien beharretara egokitzen ari dira, eta trantsizio energetikoaren izenean ari dira, karbono dioxidoa xurgatzen duten mendiak suntsituz». Lurralde Plan Sektoriala «irmoki gaitzetsi» du. Gaineratu duenez, «lurraldea birkalifikatzearen kontra 4.000 alegazio jarri ziren, baina ez dira aintzakotzat hartu eta epaitegietara joateko, finantzazioa lortu nahi dugu. Tabernetan itsulapikoak paratuz diru bilketa eginen dugu».

Babes eta informazio falta

Aranoarrak «babes eta informazio falta» mahai gainean paratu ditu. «Oso haserre gaude udalek ez dutelako bilera ireki bat egin zer datorkigun jakiteko. Ez dugu ulertzen herritarrok informazioa bilatzen ari behar izatea, kanpotik enteratuz». Honela gehitu du Otegik: «Udal guzietan daukaten informazio guzia helarazteko eskaera ofizialak egin ditugu. Aranokoak hasieratik erantzun zuen, eta Goizuetako Udalak urtarrilaren 12ko astean jarri zuen informazioa gure esku. Harrigarria iruditzen zaigu  gainontzekoek informaziorik ez izatea». Hala ere, Ansaren ustez, «ez genuke atzetik ibili behar. Udalek informazioa eman beharko lukete eta herritarrekin batera erabakiak hartu. Eta horrekin batera, kezkatzekoa iruditzen zait udalek ez argi ematea iritzia. Gure herriak, gure udalak dira… eta ez digute laguntzen». Hala, «udalei jarrera argitzeko» eskatu die Otegik: «Alde edo kontra, posizionatu daitezela. Arre edo so».

«Udalei jarrera argitzeko eskatu nahi diegu»

Iñaki OTEGI, Oiartzun

Irazokik Lesakako Udalaren jarrera zehaztu nahi izan du: «Udalarekin izan ditugun harremanetan, argi eta garbi erran digu Domikoko proiektuaren kontra dagoela, nahiz eta ez den horren inguruko idatzirik». Ansak argitu du Aranoko Udala «hasieratik kontra» dagoela. «Goizuetako Udalak badaki existitzen garela, baina ez du jarrera argirik erakutsi. Askoz lasaiago egonen ginateke Goizuetak edo Hernanik zer eginen duten jakinen bagenu. Zenbat eta beranduago, orduan eta larriagoa izanen da». 

Udaletik haratago, alderdi politikoen jarrerarekin ere kritiko dira. «Energia burujabetzaren bila ari diren honetan, badirudi alderdi batzuek ez dutela sobera argi ze bide hartu, eta alde horretatik, salduak gaude». Horren harira, Otegiri «arriskutsuak» iruditzen zaizkio «zenbat alderdiren artean zabaltzen ari diren kontzeptuak. ‘Behar dugu energia eta nonbait jarri beharko dugu. Sakrifikatu beharko dugu’ esaten ari dira. Baina agian sakrifikatu behar ditugunak ez dira ez ingurumena, ez ondarea, ez bizitza… Beharbada gauzak beste modu batera nola egin daitezkeen pentsatu eta gizarteak sakrifizio ttikiren bat egin beharko du». 

Ansak «antropizatutako eremuak» hartu ditu hizpide: «eragin bat eduki duten eremuak, industrialdeak… Mendiak urratzea ezin da lehenengo aukera izan. Eta energia berriztagarrien alde egin nahi badugu, politikariek erabaki beharko dute zer nahi duten: edo guretzat lan egin, edo Repsol eta beste enpresa horientzat lan egin». Aranoarrak garbi du erantzunak zein izan beharko lukeen: «Energia berriztagarrien alde gaude, baina herriko energia berriztagarria nola kudeatu herritarron artean landu beharko genuke, eta horrek lurraldearen kudeaketa herritarra eskatzen du, ez kanpotik oligopolio energetiko batek non, zer eta zertarako esatea». Horrekin batera, bertze kontu bat ere argitu nahi izan du Ansak: «Nafarroan energia berriztagarrien kontsumoa jaisten ari da eta produkzioa handitzen. Hori ere salatu nahi dugu».

Ansari, Irazokiri eta Otegiri kezka sortzen diete halako proiektu eolikoek. 

Mugimendu falta

Bai Irazokik, bai Ansak eta bai Otegik «herritarren aldetik mugimendu falta» ikusten dute. Lesakako kasuan, «Auzoberriko proiektuarekin jendeak izan zuen erantzuna ikaragarriaz» oroitu da Irazoki: «Nolabait errateko, auzotarrok eraman genuen batuta, baina herri guziaren babesa lortu genuen. Herriak arazo soziala eta ingurumenari lotutako arazoa zela entenditu zuen, eta kolore guzietako jendea bildu zen plataformaren bueltan. Lan handia egin genuen, eta momentu estuak izan genituen, baina herriaren erantzuna hunkigarria izan zen». Orain, ordea, «desmobilizazio handi samarra» nabaritua du: «Auzoberriko proiektuan eolikoak baserri tartean aurreikusiak ziren, eta proiektua nahiko aitzindua zegoen. Orain, ordea, ez dago herritik hain hurbil eta ez dago sobera zehaztua. Kontua da guk bakarrik ezin dugula horren kontra ari. Hau ez da auzotar batzuen problema, herri guziarena da eta herritar guzien laguntza behar dugu. Endara Bizirik taldea herritar guziengana zabaldu nahi dugu. Kimu berriak behar ditugu!».

«Herri osoaren arazoa da, ez auzotar batzuena»

Agoitz IRAZOKI, Lesaka

Ansak ere Erreka eta Ikatz Gane proiektuen bueltan «oso herritar gutxi» mugitu direla dio: «Beharbada Aranon kontzientzia gehiago dago, Oiartzunen auzoz auzo zer gertatu den esaten saiatzen ari gara, baina Hernanin hitzaldiren bat edo zerbait antolatu izan dugunean, oso jende gutxi hurbildu izan da. Goizuetan, lehenengo bileran, 40 bat lagun bildu ziren, baina haietatik bi edo hiru bakarrik gehitu zaizkigu mugimendura. Badakit beste mila borroka daudela, baina gizartea eroso ikusten dut».

Goizuetarrentzat izan dira Ansaren hurrengo hitzak: «Alde batetik eta bestetik proiektuak datozkie, baina herrian ez dutelako nabarituko, mendian geldituko direlako edo ez dakit zergatik, baina enpatia gutxi sumatzen dut bizilagun duten herriarekin. Azken momentuan, beharrezkoa izanen bagenu, ez dut esaten alde edo kontra azalduko ez liratekeenik, baina mugimendu eta babes gutxi sentitzen dugu. Ez dakit jendea udalaren zain dagoen, edo udala dagoen jendearen zain. Ez dakit zer gertatzen den, baina energiarekin burujabe izateko beste soluzioak bilatzen ari diren bezala, arazo honi aurre egiteko mugimendua ere beharko genuke».

«Enpatia gutxi sumatzen dut Goizuetan»

Arantxa ANSA, Arano

 Otegiri «arriskutsua» iruditzen zaio «‘segur aski proiektua ez da aurrera aterako’ esanarekin gelditzea. Hori esateak jendea lasaitu eta desmobilizatu egiten du. Baina otsoa etortzean, hilabete bakarra izango dugu eta ez dugu gaitasunik izango kontra egiteko». Horregatik nahitaezkoa iruditzen zaio «erne» egotea, «teknikoki eta mobilizazioekin kontra egiteko prest». 

Elkarlana

Urumeako Mendiak Bizirik, Bianditz-Domiko Bizirik eta Endara Bizirik taldeak elkarlanean ari dira, helburu bera izateaz gain, proiektuekin modu batera edo bertzera, lotuak baitaude: «Talde bakoitzarena tokiko borroka da, baina ondokoari babesa eskainiz ari gara, denak elkar lotuak gaudelako. Goizuetari Erreka eta Domiko proiektuek eragiten die, Aranori Ikatz Ganek eta Errekak, Oiartzuni Errekak eta Domikok, Lesakari Domikok… Sare bat gara». Eta elkarlan hori «hagitz positiboa eta beharrezkoa» iruditzen zaio Irazokiri: «Ez gaudela bakarrik sentitzen dugu, eta elkarrekin indar gehiago egiten ahal da». Gogoan du «duela bortz urte oiartzuarrek ikaragarri lagundu» zietela. Otegik galdera batekin utzi du lotura agerian: «Bianditz puntan erortzen den ura nora joaten da? Lesakara, Oiartzunera eta Goizuetara, hiru herrietara!».

Herritarrei mugitzeko deia egin diete Otegik, Irazokik eta Ansak. 

Kontrakotasuna erakusteaz

Proiektu hauek aitzinera egiteko «arriskua» agerikoa da aranoarrarentzat, eta lesakarra ere «bakarren bat aitzinera aterako den» beldur da. Otegik, ordea, «oraindik eragiteko garaiz» daudela uste du, eta horregatik egin du «daukagun indar guzia kontra egiteko aprobetxatzeko» deia; «bakoitzak ahal duen tokitik».

«Oraindik kontra egiteko garaiz gaude»

Iñaki OTEGI, Oiartzun

Bide beretik, «kontra gaudela adieraztearen garrantziaz» aritu da oiartzuarra: «Proiektu asko datoz, asko ez dira aurrera aterako, baina batzuk bai. Eta itxura denez, enpresak aurrera non egingo duten eta non ez duten aurkakotasunik izango probatzen ari dira. Horregatik garrantzitsua da herriek, herritarrok eta udalek, halako proiekturik ez dugula nahi adieraztea. Kontra daudela ikusten duten herrietan ez dute egingo, baina kontrakotasunik adierazten ez badugu, bai». Irazokik «enpresek herrien kontrakotasunari beldur handia» dietela gehitu du: «Euren proiektuak saltzeko arrunt mando txarrak dira eta herria kontra izateak min handia egiten die». 

Hurrengo hitzorduak

Helburua garbi dute, eta lanean segitzeko intentzioa dute, «mobilizazioak, hitzaldiak, aurkezpenak, alegazioen faseari begira prestaketak…» eginez. Martxoan, adibidez, oraingoz hiru hitzordu dituzte: Martxoaren 12an, goizean, Ikatz Gane proiektuaren kontrako sinadurak biltzeko mahaia paratuko dute Hernaniko azokan, 10:00etatik 14:00etara. Eta horrez gain, Hernaniko Zinkoenean, elkarretaratzea eginen dute 18:30ean. Sinatzeko mahaia ere paratuko dute. Hilaren 27an, Ingurumena eta Lurralde Plan Sektoriala hitzaldia antolatu dute Iñaki Lasagabaster eta Aitziber Saroberekin, Hernaniko Biterin. Martxoaren 29an, berriz, mendi martxa eginen dute 09:00etan Agiñatik abiatuta. Parte hartzeko gonbita egin dute. Bidenabar, norbaitek taldean parte hartu edo informazio gehiago nahi badu, helbide elektronikoak (bianditzdomikobizirik@proton.me, umbizirik@gmail.com eta endarabizirik@gmail.com) eta Telegram kanalak (Urumeako Mendiak Bizirik eta Bianditz-Domiko bizirik) jakinarazi dituzte.

Beranduegi izan aitzinetik mugitu nahi dute eta mugitzeko eskatu diete herritarrei eta udalei. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun