Eolikoen bi proiektu egin nahi dituzte Goizuetan, Erreka eta Domiko; bat Mandoegi aldean eta bertzea Artikutza aldean. Goizuetako Udalak badu bi proiektuen berri eta Erreka proiektuaz mintzatzeko, enpresarekin ere bildu izan direla onartu du Unai Miranda alkateak.
Proiektu eoliko hauen atzean dauden enpresekin bildu zarete?
2024ko urrian eta azaro hasieran, Erreka parke eolikoaren inguruan bi bilera izan genituen FE Energy enpresako hiru ordezkarirekin. Aipatu ziguten Repsol zegoela proiektuaren atzean, eta une hartan Ingurumen Eraginaren Adierazpena (DIA) lortzeko lanean ari zirela. Tramitazioa Madrilen egin behar zenez, dagokion ministerioan tramiteak hasteko eskaria aurkezteko asmoa zuten. Udalaren aldetik, horrelako proiektu bat planteatzeko herritarrek informazio guztia eskuragarri izatea ezinbestekoa dela adierazi genien, eta zeukaten informazio osoa idatziz bidaltzeko eskatu genien. Ez ziguten informaziorik helarazi, eta ordutik ez dugu harreman zuzenik izan.
Azken aldian proiektu eoliko ugarik jo dute eskualdean atea. Zer dio Goizuetako Udalak halako proiektu eolikoen inguruan?
Ezin uka larrialdi klimatikoa eta ezin uka petrolioarekiko gure menpekotasuna erabatekoa dela, horrek eragiten dituen ondorio lazgarri guztiekin. Argi dugu energia beharrak murriztearekin batera, energia trantsizioa egiturazko beharra dela. Baina kontua ez da bakarrik energia iturri bat beste batekin ordeztea. Funtsezkoa da erabakitzea nork kontrolatzen duen sorkuntza, nork parte hartzen duen jabetzan, nork hartzen dituen erabakiak eta nork ateratzen dion etekina eredu energetiko berriak sortzen duen aberastasunari, hots, interes komunitarioa zaindu behar dugu proiektuen garapenean. Ezin ditugu erreproduzitu eredu fosilaren botere eta aberastasun kontzentrazioko eskema berberak.
Bide horretan, Goizuetan GoiEkhi energia komunitatea sortu berri da, eta azken aldian eskualdean ere beste hainbat sortu dira batik bat plaka fotovoltaikoekin energia sortzeko proiektuak martxan jartzeko. Baina tamalez, gure teilatu guztiak plakaz estalita ere ez genuke behar adina energia sortuko. Horregatik, hainbat eskalatako proiektuak aztertu behar dira. Eta bai, normala da horrelako proiektuek errezeloa sortzea; beharrezkoak direla jakinda ere, inork ez ditu bere inguruan nahi.
«Horrelako proiektuak aintzat hartzeko, parte hartze publikoa sustatu beharko lukete eta sortzen duten energiaren onuradunak herritarrak izan behar lukete»
Erreka eta Domiko parkeak enpresa berak sustatzen ditu. Kokapenari dagokionez, batean zein bestean ondare arkeologiko aberatsa dago inguruan, Mandoegi ingurua migrazioa leku garrantzitsua da, eta Domiko parkeak, berriz, Aiako Harria parke naturalarekin eta babestutako eremua den Artikutzarekin muga egiten du. Momentuz, herritarrek ez dute proiektuaren informazio zuzenik jaso eta horrek parte hartzea ezinezko bihurtzen du. Horrelako proiektuak aintzat hartzeko, parte hartze publikoa sustatu beharko lukete eta sortzen duten energiaren onuradunak herritarrak izan behar lukete, inguruko industriaren deskarbonizazioan ere lagunduz. Hori oso argi dugu.
Halako proiektuen kontra, baduzue harremanik herrian edota inguruan sortutako taldeekin?
Bai. 2024ko azaroan FE Energyko ordezkariekin egindako bileren ondoren, herritar talde batek, Erreka proiekturekin kezkatuta, horren inguruko informazioa eskatu zuen, eta haiekin bildu ginen. Guk genuen informazio guztia helarazi genien, eta berririk izanez gero, partekatuko genuela adierazi. Azken hilabeteetan, ordea, udalak ez du proiektu hauen inguruko informazio zuzenik jaso.
Zerbait gehiago erran nahi duzu?
Gure ondorengoei utziko dieguna dago jokoan. Ez dugu denbora gehiegi eztabaidetan luzatzeko; erabakiak hartzen hasi behar dugu: behar dugun energia non, nola eta nork sortu behar duen. Bestela, beste batzuek eginen dute, eta berriz ere haien menpe egonen gara.