Zentral eolikoak eskualdean

«Urumea bailara osoaren etorkizuna dago jokoan, ez herri bakarrarena»

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 8a

Argazkia: Kronika.

Joxan RUIZ MINER, Aranoko alkatea.

«'Loteria tokatu zaizue. Zer nahi duzue, kiroldegi bat? Igerileku bat? Herrian inbertsioak nahi dituzue?'». Horixe izan omen zen Erreka proiektua garatu nahi duen Repsolen FE Energy enpresako kideek Aranoko Udalari eskainitakoa. Hala kontatu du Joxan Ruiz alkateak. Erreka proiektuak ez ezik, Hernaniko lurretan egin nahi duten Ikatz Gane proiektua ere bertatik bertara izanen lukete Aranon. Kezkatua mintzatu da alkatea «Urumea bailara osoaren etorkizuna jokoan» dagoela iritzita. «Erantzun bateratua eta koordinatua» emateko beharra aipatu du.

Enpresarekin harremanik izan duzue?

FE Energy enpresaren lehendabiziko deia orain dela urte bat eta erdi inguru jaso genuen, proiektu eoliko baten gainean hitz egiteko gurekin bildu nahi zutela esanez. Lehenbiziko bileran proiektuaren berri eman ziguten, inongo datu zehatzik gabe. Herrirako oso proiektu ona izanen zela esan ziguten, beraien hitzetan, «loteria tokatu» zitzaigula, eta herrian ze inbertsio nahi genituen galdetu ziguten. «Zer nahi duzue, kiroldegi bat? Igerileku bat? Herrian inbertsioak nahi dituzue?». Kezka handiarekin entzun genituen azalpenak eta gure lehendabiziko galdera «Herria ezagutzen duzue?» izan zen. Eta haien erantzuna: «Ez». Garbi ikusi genuen zertara zetozen. Makroproiektu inbaditzaile bat genuen ate joka.

«Makroproiektu inbaditzaile baten aurrean gaudela argi dugu»

Azken boladan proiektu eoliko asko dira eskualdean ate joka. Zein da Aranoko Udalaren iritzia?

Aranoko Udalaren iritzia bateratua da. Argi dugu trantsizio energetikoa beharrezkoa dela eta klima aldaketaren aurkako borrokan energia berriztagarriek duten garrantzia. Baina ezin dugu onartu interes ekonomiko handiek gidatutako eredua, herriaren borondatea eta lurraldearen oreka bigarren mailan uzten dituena. Hau ez da energia berriztagarrien kontua, beste interes batzuk dituen kontua baizik. Ez hori bakarrik. 200 metroko altuera duten aerosorgailuak herrigunetik oso hurbil kokatzeak ondorio zuzenak eta larriak izanen lituzke, bai faunarentzat, bai Aranoko biztanleen bizi kalitatearentzat. Aerosorgailuek sortzen duten zarata jarraitua eta itzal-efektu periodikoek eragin negatiboa izan dezakete eguneroko bizitzan, atsedenean eta osasunean. Berriz esanen dut, makroproiektu inbaditzaile baten aurrean gaudela argi dugu.

Proiektu hauek kontra herrian eta inguruan sortutako taldeekin harremanik baduzue?

Makroproiektuaren berri jaso bezain laster, kezka handia piztu zen herrian. Egoeraren larritasunaz jabetuta, herritar talde bat berehala antolatu zen eta udalarekin harremanetan jarri zen informazioa partekatu eta egoerari erantzun bateratua emateko asmoz. Udalak eta herritarrek harreman zuzena eta elkarlanerako borondatea dugu, eta bide berean ari gara lanean: informazioa partekatuz, egoera aztertuz eta Urumea bailara defendatzeko estrategia bateratuak bilatuz.

«Ezinbestekoa iruditzen zaigu makroproiektu eoliko hauen aurrean erantzun bateratua eta koordinatua artikulatzea»

Zerbait gaineratuko zenuke?

Ez gaude soilik herri baten etorkizuna kolokan jarriko duen erabaki baten aurrean. Urumea bailara osoaren etorkizuna dago jokoan. Makroproiektu eoliko honek ez dio udalerri bati bakarrik eragiten, baizik eta bailara oso baten oreka ekologiko, sozial eta paisajistikoari. Urumea bailarak nortasun propioa du: natura aldetik balio handiko eremuak, basoak, errekak eta ibai biziak, ondare arkeologikoa, ondare kulturala eta komunitate sendoak. Horregatik ezinbestekoa iruditzen zaigu makroproiektu eoliko hauen aurrean erantzun bateratua eta koordinatua artikulatzea. Ez da udalerri bakar baten ardura; bailara osoarena baizik. Era berean, argi adierazi nahi dugu horrelako makroproiektuen atzean dauden enpresei –Repsol, Endesa eta antzeko korporazio handiak– ezin zaiela alfonbra gorririk jarri Urumeako mendietan.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun