Repsol enpresak bi proiektu eoliko garatu nahi ditu Oiartzunen: Domiko eta Erreka. Zehazki, bi kasuetan ebakuazio lineak Oiartzungo lurretan barna egin nahi ditu. Proiektu horien inguruan mintzatzeko enpresak zenbait udalen atea jo izan du, baina Oiartzungo alkatea den Joana Mendiburu senpertarrak TTIPI-TTAPAri adierazi dionez, «Oiartzungo Udalean ez dugu proiektu horiei buruzko inolako dokumentaziorik hartu». Hortik haratago, bere ustez, «eztabaida edo galdera ez da energia berriztagarriak behar ote ditugun, baizik nola. Plangintza oso bat egin behar da, energiaren sorrera ahal bezainbat esku publikoetara pasa eta banaketa justuago bat bermatu».
Zer da proiektuei buruz dakizuena?
Oiartzungo Udalean ez dugu proiektu horiei buruzko inolako dokumentaziorik jaso eta, hortaz, dakiguna bertze udalen batetik guk eskuratutako informazioa edo gai honen inguruan kezka duten herritarrek helarazitakoa da. Enpresekin ez dugu bilerarik ere egin.
«Ez da atzendu behar eolikoek ingurumen inpaktu bat duten bezala energia fosilek ere badutela, nahiz ez gure begien aitzinean hori ikusi»
Azken boladan proiektu eoliko ugari ate joka ari dira inguruan. Zer dio Oiartzungo Udalak halako proiektu eolikoen inguruan?
Gure ustez, proiektu eolikoez solas egitea ingurumen inpaktu bati buruz solas egitea baino aunitzez gehiago da; energiaz solas egitea gure gizarte ereduaz solas egitea da. Hausnarketa eta debatea goragoko ikuspegi horrekin egin behar da. Energia fosilen inguruan eraikita dago gure mundua, baina mundu horrek ezin du gehiago iraun. Klima larrialdi egoera bat bizitzen ari gara, idorteak gero eta gogorragoak dira, mendietako zenbait iturri agortzen ari dira… Eztabaida edo galdera ez da energia berriztagarriak behar ote ditugun, nola baizik. Plangintza oso bat egin behar da, energiaren sorrera ahal bezainbat esku publikotara pasa eta banaketa justuago bat bermatu. Izan ere, ez da atzendu behar eolikoek ingurumen inpaktu bat duten bezala energia fosilek ere badutela, nahiz ez gure begien aitzinean hori ikusi.
Halako proiektuen kontra, herrian sortutako taldeekin harremanik baduzue?
Bai, harremana badugu, baina erran bezala, gure ardura eta egitekoa gehiago da herritarrek energiaren inguruko eztabaida sakonago bat egin dezaten gakoak ematea. Herritarren parte hartzea funtsezkoa da gai honetan ere eta berriz azpimarratu nahiko nuke energiaz solas egitea ez dela kilowattez solas egitea, gure gizarte ereduaz solas egitea baizik.
Zerbait gaineratuko zenukete?
Trantsizioa ez da soilik instituzioena, ardura kolektiboa dugu. Posible eta beharrezkoa da energia fosilen garaia itxi eta energia berriztagarrien aro batean sartzea, baina oinarri on bat edukitzeko ezinbertzekoa da herritarrei gaia bere osotasunean ulertzeko gakoak eskaintzea eta eraldaketa kolektiboa izatea. Trantsizio energetikoa prozesu oso bat da, ez teknologien batura edo kenketa bat; trantsizio ekonomiko, sozial eta territorialaz ere ari gara. Lehen erran bezala, hausnarketa eta debatea ikuspegi oso horrekin egin behar da gure ustez; eta horren baitako erabakirik zuzenenak hartu.