Eolikoen gaia ez dute kontu berria Lesakan, hautsak ederki harrotu baitzituen 2020an Nordex enpresak Auzoberri auzoan egin nahi zuen proiektuak. Gaur egun, ordea, Repsol enpresaren Domiko proiektua dute esku artean.
Enpresekin harremanik izan duzue?
Repsol enpresarekin bilkura bat egin genuen, haiek proiektuaren nondik norakoak esplikatu nahi zizkigutelako. Bilera hartan egoera zein zen erran ziguten, baita guk gure iritzia eman ere. Aipatu genien, bertzeak bertze, gure ustez horrelako proiektuen inguruan herritarrek erabaki behar dutela, eta eragile publikoen eta herritarren parte hartzea kontutan hartuz eraiki behar direla. Proiektu horri alegazioak aurkeztuko genizkiola garbi utzi genien. Orduz geroztik ez dugu berri gehiagorik izan.
Azken boladan proiektu eoliko aunitz ate joka dira eskualdean. Zein da halako proiektuen inguruan Lesakako Udalaren iritzia?
Horrelako proiektu eolikoen inguruan sortzen den eztabaida testuinguruan jarri behar dela pentsatzen dugu, ezin ditugula irakurketa sinpleegiak egin. Deus baino lehen, klima larrialdi egoeran gaude, baina klima larrialdiaz haratago, planetako hainbat prozesu ekologiko gakoren muga gainditu da eta gehiegikeria horren ondorioak pairatzen ari gara dagoeneko. Bioaniztasunaren galera eta ondare naturalaren kaltetzea gibelera ezinezko prozesu batean sartuak daude eta deskarbonizazioa bulkatzeko neurriak hartu behar ditugu, horren guziaren jatorria nagusiki energia fosilak direlako, daukagun petrolio eta bere deribatuen mendekotasunaren ondorioz etorriak.
Energia fosilak ordezkatzeko, iturri berriztagarrien aldeko apustua egin behar dugu eta horretarako, nazioarteko adituek diotenari kasu eginez (IPCC, Aldaketa Klimatikoari Buruzko Nazioarteko Adituen Taldea), denbora mugatua dugu. Ezin dugu afera hau modu mugagabean luzatu eta neurriak gaurdanik hasi behar dugu hartzen, energia berriztagarrien zabalpena gauzatzen.
Euskal Herrian eta gure herrian, Lesakan, energia fosilekiko sekulako menpekotasuna dugu, energia burujabetzatik hagitz urruti gaude. Bertze leku batzuetatik ekartzen dugu energia eta bertze leku horietan, horrek ondorioak sortzen ditu. Gure bizimoduak sortzen dituen inpaktuen jabe egin behar dugu.
Bertze aldetik, gure planetak eman diezagukeena baino aunitzez gehiago xahutzen dugu eta sistema horrekin ezin da segitu. Etorkizuneko belaunaldiei gure planetan bizitza bermatzeko neurriak bai ala bai hartu behar dira. Energiaren kontsumoa jaustea ezinbestekoa dugu. Biak batera egin behar dira, energia fosilak berriztagarriekin ordezkatu eta energia kontsumoa jautsi. Hor mugikortasunaren eta industriaren elektrifikazioa ere gakoa da. Herrialde industriala gara, industriak ongizatea ere ematen digu. Beraz, industria mantendu behar dugu, baina industriak transformazio eta deskarbonizazio bat behar du berriztagarri eta industria berdean oinarrituta.
«Gure gizartearen ongizatea bermatzeko behar diren zerbitzuak izaten segitzeko eskala ttikiarekin ez da nahikoa eta eskala ertaineko eta handiko proiektu batzuk onartu beharko ditugu»
Beraz, eraikinetan eguzki plakak jarri behar dira, baina zoritxarrez, gure gizartearen ongizatea bermatzeko behar diren zerbitzuak izaten segitzeko eskala ttikiarekin ez da nahikoa eta eskala ertaineko eta handiko proiektu batzuk onartu beharko ditugu. Iturri edo proiektu horien ahalik eta burujabetza handiena ere beharrezkoa izanen dugu, herritarrek, energia komunitateek eta orokorrean alor publikoak jabetzan parte hartu ahal izatea.
Hori erranda, horrek ez du erran nahi energia berriztagarrien edozein eta edozein modutan etorritako proiektuak onartzeko prest gaudenik. Adibidez, Domiko eremuan kokatu nahi duten parkea aberastasun natural eta arkeologiko handia duen eremuan dago, zehazki, Aiako Harria parke naturala eta Artikutza artean. Proiektu baten kokalekua erabakitzerakoan, irizpide bakarra ezin da izan efizientzia energetikoa, eta aipatutako aberastasun naturala eta arkeologikoa ere kontuan hartu behar dira. Horretaz guztiaz herritarrek eztabaidatzeko eta iritzia emateko aukera izan behar dute eta kasu honetan, orain arte ez da aukera hori bermatu.
«Proiektu baten kokalekua erabakitzerakoan, irizpide bakarra ezin da izan efizientzia energetikoa, eta aberastasun naturala eta arkeologikoa ere kontuan hartu behar dira. Horretaz guztiaz herritarrek eztabaidatzeko eta iritzia emateko aukera izan behar dute»
Domiko proiektua multinazional energetiko handi baten eskutik dator. Enpresa horientzat lehentasuna euren irabazi tasak handitzea izan ohi da eta ez aipatutako faktore horien arteko oreka bermatzea. Euren lan eremua energia fosiletan oinarritzen da batez ere eta berriztagarriekin, bertzela ere badituzten irabaziak handitu nahi izaten dituzte, berriztagarriek energia fosilak ordezkatu beharrean.
Bai, beharrezkoak ditugu energia berriztagarrien proiektuak, baina herritarren eta eragile publikoen parte hartzea kontuan hartuz eraiki behar dira. Enpresak, kasu honetan, ez du honen inguruan deus erran eta beraz, baldintza hori momentuz ez da bete. Herritarrek proiektuari buruzko dimentsioari, kokalekuari eta kudeaketari buruz erabakitzeko aukera izan behar dute. Horrelako proiektu bat eraikitzerakoan, bertan sortzen den energiaren onuradun bertako herritarrak izan beharko lukete. Enpresak ez du horren inguruan deus ere erran.
Halako proiektuen kontra, herrian eta inguruan sortutako taldeekin hartu-emanik baduzue?
Bai, badugu. Duela urte batzuk Lesakan eolikoen bertze proiektu bat martxan paratzekotan egon ziren eta orduan sortu zen Endara Bizirik ekimena. Ordutik eurekin harremana izan dugu. Proiektu hartarako batzorde berezi bat sortu genuen herriko etxean, eta beraiek ere parte hartzen zuten. Beharrezkoa balitz, kasu honetarako ere batzorde hura berraktibatzeko pausoak emanen ditugu.
Eragile guztiekin solas egiteko prest gaude, euren ekarpenak hartu eta elkarrekin eztabaidatzeko prest, beti ere, modu eraikitzailean eta herritarren behar eta ongizatea zentroan paratzeko ahalegina eginez, gure herriak eta gizarteak dituen ezaugarriak kontuan hartuz.
Zerbait gaineratuko zenukete?
Ditugun erronkak hagitz handiak dira, baina aipatu dudan bezala, ez dugula bertze biderik pentsatzen dugu. Herritarren ongizatea, justizia soziala, burujabetza eta bizitza bermatuko duten neurrien aldeko konpromiso osoa dugu. Hor aurkituko gaituzue.