Gaur, bihar eta etzi, astelehenetik asteazkenera, sindikatuek 08:00etan piketeak egiteko deia egina dute ikastetxeetan. Gainerako mobilizazioak Iruñean izanen dira: gaur, ordu honetan, 12:00etan elkarretaratzea egitekoa dute Hezkuntza Departamentuaren aitzinean eta 15:15ean Baluarten; asteartean, 12:00etan manifestazioa CEN paretik Baluartera; eta asteazkenean, 10:15ean elkarretaratzea eginen dute Nafarroako Jauregiaren aitzinean.
«Egoera larria» dela salatu dute eta kexu dira Lanbide Heziketako ikastetxeetan. Joan den astean, adibidez, ohar bana kaleratu zuten Elizondoko Lanbide Eskolako eta Berako Toki Ona institutuko Lanbide Heziketako irakasleek.
Elizondoko Lanbide Heziketa
Elizondokoek «Lanbide Heziketa errespetatzeko» eskatu diote Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariari. Horrekin batera, «baliabide eta espazio falta» salatu dituzte: «Gimeno kontseilariak Lanbide Heziketako irakasle bakoitzeko 6-8 ikasleko banaz bertzeko ratioak daudela uste du, baina Elizondoko ikastetxeko hainbat ziklotan irakasle bakoitzeko 24 ikaslerekin egiten dugu lan».
Gisa berean, «Lanbide Heziketa dualaren kudeaketarako orduak eta praktikak egiteko baldintzak murriztu» dituztela kritikatu dute. Zuzendaritzei «irakasleei kontra egiteko presioa» egiten diela ere leporatu diote Gimenori, eta Hezkuntza Departamentua «gibelera» egiten ari dela ere adierazi dute. «Lankidetzan oinarritutako LHko eredu bat sustatzea» nahi dute, «ez inposizioan oinarritutakoa».
Gaurko lanuzteak izan duen erantzunari dagokionez, 45 irakasleetatik % 82k bat egin du grebarekin; % 13k ez du greba babestu, eta lerro hauek eskribitzerakoan, gainerakoek ez dute erantzunik eman.
Berako Toki Ona institutua
Berako Toki Ona institutuko Lanbide Heziketan ere haserre mintzo dira: «Egun eskaintzen dugun hezkuntza ez da segurua, ezta kalitatezkoa ere. Ez gara Lanbide Heziketan diren arazo orokorrei buruz ari (DUAL sistema berria, erraterako), gure ikastetxeari dagokion bertze afera larri eta kezkagarri bati buruz baizik».
Toki Onako Lanbide Heziketako Departamentuak jakinarazi duenez, «24 ikaslek irakasle bakarra dute ikasturte hasieratik, arrisku nabarmena dagoen espazioetan, tailer mekanikoan adibidez». Horren ondorioz, «segurtasun falta» azpimarratu dute: «Arrisku handiko testuinguru horretan, zerbait egin behar da. Are gehiago, kontuan hartuta ikasle horiek ez direla inoiz tailer mekaniko batean egon, eta ez dakitela bertako makinek nola funtzionatzen duten».
Egoerak hezkuntza kalitatean ere eragina duela diote, «laguntza faltak zuzenean eragiten baitio ikasleek hartzen duten arretari, banakako tutoretzari eta trebaketa praktikoari, eta horrek nabarmen murrizten du aurreikusitako ikaskuntza». Azkenik, zentroaren antolaketan duen eragina kritikatu dute: «Istripu larririk egon ez dadin, egoerak dakarren arrisku maila hagitz altua da, salbuespenezko eta aldi baterako neurriak hartu behar izan ditugu; adibidez, bertze irakasle batzuek laguntza puntualak eskaintzen dituzte euren ordutegitik kanpo. Hala ere, irtenbide hori ez da bideragarria, ezin baita irakasleon borondatearen gain gelditu gure ikasleen eta irakasleon segurtasuna».
Gaurko greba deialdiak izan duen erantzuna ere handia izan da Toki Ona institutuko Lanbide Heziketako irakasleen artean. Hamar irakasle dira eta zortzik babestu dute greba.