Makina-erremintaz hornitutako tailer batean irakasle bakarra 24 ikaslerekin ari dela salatu du Berako Toki Onako Lanbide Heziketako Departamentuak

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 31

Azaroaren 3tik 5era deitua dagoen grebarekin bat eginen du Toki Onako Lanbide Heziketa departamentuak, baina ikastetxeko arazo propioak ere salatu ditu idatzi batean.

Ikasturtea hasi zela ia bi hilabete pasatu diren honetan, Toki Ona BHIko Lanbide Heziketan bizi dute egoera arriskutsuaren berri eman dute, «egun eskaintzen dugun hezkuntza ez baita segurua, ezta kalitatezkoa ere. Ez gara Lanbide Heziketan diren arazo orokorrei buruz ari (DUAL sistema berria, erraterako), gure ikastetxeari dagokion bertze afera larri eta kezkagarri bati buruz baizik».

Behar dituzten laguntza orduak lehenbailehen ematea eta aurrerantzean laguntza horiek ikasturte hasieratik emateko konpromisoa hartzea eskatu diote Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari

Toki Ona BHIko Lanbide Heziketako Departamentuak jakinarazi duenez, «2025-2026. ikasturtean 1. Erdi mailako Mantentze-lan elektromekanikoko taldea 24 ikaslek osatzen dute. Talde honi zenbait saiotan bi irakasle egokitzen zaizkio, taldearen tamaina handia delako».

Azken urtetan Hezkuntza Departamentuak ikasturtea hasita egotea esperatzen du laguntza horiek emateko, «ikasturte hasieran bajak izanez gero, laguntza orduak aurrezteko. Baina aitzakia horrekin oraindik ez dituzte laguntza orduak eman eta 24 ikasleek irakasle bakarrarekin daramate, ikasturte hasieratik, arrisku nabarmena dagoen espazioetan (tailer mekanikoan adibidez).

Ikasturteko lehenbiziko bi hilabeteak pasatu ondotik, egoerak berdin jarraitzen duenez egin dute kexa Lanbide Heziketako irakasleek.

Alde batetik, segurtasunaren falta azpimarratu dute, «makina-erremintaz hornitutako tailer batean irakasle bakarra 24 ikaslerekin egonda, agerikoa da segurtasuna bermatzeko gaitasuna hagitz mugatua dela. Arrisku handiko testuinguru horretan, zerbait egin behar da. Are gehiago, kontuan hartuta ikasle horiek ez direla inoiz tailer mekaniko batean egon, eta ez dakitela bertako makinek nola funtzionatzen duten».

Bertzetik, egoera honek, hezkuntza-kalitatean ere badu eragina, laguntza faltak zuzenean eragiten baitio ikasleek jasotzen duten arretari, «banakako tutoretzari eta trebaketa praktikoari, eta horrek nabarmen murrizten du aurreikusitako ikaskuntza».

Azkenik, zentroaren antolaketan ere eragiten du, «istripu larririk egon ez dadin, egoerak dakarren arrisku maila hagitz altua baita, salbuespenezko eta aldi baterako neurriak hartu behar izan ditugu; adibidez, bertze irakasle batzuek laguntza puntualak eskaintzen dituzte euren ordutegitik kanpo. Hala ere, irtenbide hori ez da bideragarria, ezin baita irakasleon borondatearen gain gelditu gure ikasleen eta irakasleon segurtasuna». Hortaz, hasieratik dagozkien bikoizketa orduak ematea ezinbertzekoa jotzen dute.

Egoera horren guztiaren aitzinean, Toki Onako Lanbide Heziketa Departamentuak «behar ditugun laguntza orduak lehenbailehen ematea eta aurrerantzean irailaren 1erako laguntza horiek emateko konpromisoa hartzea» eskatu diote Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari eta, noski, Lanbide Heziketan dituzten gainontzeko arazoei ere irtenbidea ematea. Toki Ona Institutuko Lanbide Heziketa Departamentukoen helburu nagusia «kalitatezko hezkuntza eskaintzea da, «ikasleon eta langileon segurtasuna bermatuz, eta Hezkuntza Departamentuaren betebeharra, berriz, hori bermatzeko baliabideak ematea».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun