Mobilizazioak
Azaroaren 3an, 4an eta 5ean, astelehenetik asteazkenera, sindikatuek 08:00etan piketeak egiteko deia egina dute ikastetxeetan. Gainerako mobilizazioak Iruñean izanen dira: astelehenean, 12:00etan elkarretaratzea eginen dute Hezkuntza Departamentuaren aitzinean eta 15:15ean Baluarten; asteartean, 12:00etan manifestazioa CEN paretik Baluartera; eta asteazkenean, 10:15ean elkarretaratzea eginen dute Nafarroako Jauregiaren aitzinean.
Elizondoko Lanbide Eskolaren oharra
Egoera zein den ikusita, Elizondoko Lanbide Eskolakoek oharra zabaldu dute Gimenori «errespetua eskatuz».
Baliabide eta espazio falta
Alde batetik, «datuak manipulatu eta existitzen ez den errealitatea saltzeari uzteko» exijitu diote: «Gimeno kontseilariak Lanbide Heziketako irakasle bakoitzeko 6-8 ikasleko banaz bertzeko ratioak daudela uste du, baina Elizondoko ikastetxeko hainbat ziklotan ikasle bakoitzeko 24 ikaslerekin egiten dugu lan. Ez dago espazio edo baliabide nahikorik ikasleei merezi duten arreta emateko».
«Orduak murriztuak»
«Lanbide Heziketa dualaren kudeaketarako orduak murriztu» direla ere ohartarazi dute: «Joan den ikasturtean, enpresak bilatzeaz, irakasle koordinatzeaz, dokumentazioa kudeatzeaz, praktikak ebaluatu eta izapidetzeaz eta abarrez arduratzen diren LPTko tutoreek astean hiru ordu zituzten taldeko. Ikasturte honetan, dedikazio hori ordu bakarrera murriztu da; ikasleak, berriz, igo egin dira». Honela galdetu dute: «Nola da posible 1. eta 2. maila bitarteko 48 ikasleren duala kudeatzea, astean ordu bakarrarekin, lehen hiru ordu genituenean 20 ikaslerentzat?».
«Praktikak egiteko baldintzak murriztuak»
«Utzi Lanbide Heziketaren kudeaketarako ‘200 ordu gehiago’ esleitu direla errateaz, kopuru hori ez zaio inola ere aplikatzen tutoretza dualari». Hori ere kritikatu dute. Eta aurten praktikak egiteko baldintzak «murriztu» direla gehitu dute, «eta, ondorioz, enpresetan kokatu beharreko ikasleen kopuruak goiti egin du, 1. mailako ikasle guziak barne». Kontatu dutenez, «horiek bi aste eta erdiko praktikak egiten dituzte, nahiz eta moduluak gainditu ez». Elizondoko Lanbide Eskolako irakasleen oharrean ageri denez, «horrek gaitzespena eragin dezake enpresetan, prestatuago dauden ikasleak hartzera jarriak baitaude. Horrek irakaskuntza dedikazio handiagoa eskatzen du, ez gutiago».
«Zuzendaritzari presioa»
Zuzendaritzei «irakasleei kontra egiteko presioa» egiten diela ere leporatu diote Gimenori, eta «zalantzazko datuak zabaltzen eta murrizketak ezkutatzen» dituela. «Lehentasuna ikasleek» dutela azpimarratu nahi izan dute: «Ezin dugu aurreztu gure ikasleen etorkizun akademiko eta profesionalean, haien esku baitago Nafarroaren etorkizuna».
«Gibelera pausoak»
Hezkuntza Departamentua «Gibelera pausoak ematen» ari dela ere salatu dute: «Utzi Nafarroak estatuko Lanbide Heziketa indartsuenetako bat duela errateari. Irakasleen konpromisoari eta eskuzabaltasunari esker ari da funtzionatzen duala, Nafarroako enpresaburuen laguntzarekin batera, inolako aitortzarik gabe, eta lan karga irakasleen gain hartuz konpentsatzen baita baliabide falta».
«Lankidetza, ez inposizioa»
Egoera ikusita, «Lanbide Heziketa duala eta Lantokiko Prestakuntza modulua kudeatzeko langile eta ordu kopuru egokia bermatzea» eskatu dute Elizondoko Lanbide Heziketako irakasleek oharrean. «Lankidetzan oinarritutako LHko eredu bat sustatu, ez inposizioan oinarritutakoa».