Udalbiltzak 2021ean paratu zuen abian Geuretik Sortuak proiektua. « Geure herriaren kontakizuna geuretik kontatzeko beharrari erantzuteko sortu zen, euskaratik eta euskaraz egindako sorkuntza bultzatzeko helburuz, eta hala izaten jarraitzen du lau urteren eta bi edizioren ondotik ere», nabarmendu dute antolatzaileek.
Sortzaileak eta udalerriak harremanetan jarri, eta elkarlan horretatik eratorritako istorioak bultzatzeaz gain, hedapena ere bermatzen du kultur bekak, zirkuitu nazionalaren bidez. Bi urteko beka da: lehenengoa, sormenerako, eta bigarrena, hedapenerako. Hirugarren edizio honek 2025 eta 2026 urteak hartuko ditu.
Aitzineko edizioarekin alderatuta, hainbat aldaketa egonen dira, batez ere antzerkigintzan. Hautatuetako antzezlanetako bat kale-antzerkia izanen da, eta horrez gain, guttienez, antzerkigile edo konpainia hasiberri bat aukeratuko dute. Antzezlan bat sortzea eta bira oso bat antolatzea erronka haundia denez, bidelagun profesional bat izanen dute hautatako pertsona edo konpainia hasiberriek. Halaber, antzerkigile profesionalentzako beka haundiagoa izanen da.
Izen ematea dagoeneko ireki dute eta azaroaren 25era bitartean egonen da irekia. Deialdiaren oinarriak hemen irakurri daitezke eta leku berean ematen ahalko da izena.
Orain arteko lanak
26 sortzaile izan ziren hautatuak lehen edizioan, eta 22 bigarrenean. Bakoitzak Euskal Herriko txoko batean egin zuen sorkuntza-egonaldia, eta lan ederrak irten ziren bertatik: antzerkigintzan, bigarren edizioan Eukalyptus (Jon Ander Urresti), Olagarrua (Antzerki aroak eta Ttipia) eta Eraitsi S.L. (Goitibera) antzezlanak, eta Sexberdinak (Tanttaka), Eresia (Oier Zuñiga), Bidaide (Metrokoadroka), Trapu zikinak (Lore More) eta Harri minak (Bonbon Beltz) lehenengoan.
Literaturan, Hamazazpigarrenean aidanez eta Hamarreko bitxia bildumak; zinemagintzan, Bost teilatu eta Lau elementuak film laburren bildumak; eta komikigintzan, Hona bostekoa! bilduma.
Eskualdekoak tartean
Eskualdeko sortzaileek zein herritarrek parte hartu dute ekimenaren lehen bi edizioetan. Azken edizioa Jon Abril beratarraren eta Gaizka Sarasola lesakarraren literatura lanak hautatu zituzten eta Atharratzen zein Larrabetzun egin zituzten egonaldiak. Gainera, Beran, Lesakan, Saran eta Urruñan egonaldia egin zuen Aritz Ibarra komikigileak, eta Leitzan eta Berastegin Unai Gaztelumendi komikigilea egon zen.
Lehenengo edizioan, aldiz, Iban Garro lesakarrak lortu zuen idazteko beketako bat eta Urepelen egin zuen egonaldia. Beran eta Lesakan, aldiz, Muga film laburra grabatzen aritu zen Eñaut Castagnet eta Leitzari buruzko narrazioa idatzi zuen Garazi Albizua idazleak.