A30 Greba Feminista Orokorra

«Gure lana aitortua ez egoteak prekarietatean murgiltzen gaitu»

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 28a, 14:00

Azaroaren 30erako greba orokor feminista deitu du mugimendu feministak eta sindikatuek. Zaintza greba izanen da, «zaintzaren krisian» paratu nahi baitute fokua antolatzaileek. Eskualdean zaintza lanetan ari diren hainbat emakumeren testigantzak bildu ditu TTIPI-TTAPAk. Elizondoko Francisco Joaquin Iriarte egoitzan lanean ari den Maialen Ezkurra doneztebarrarena da bigarren testigantza.

Zaintzaren sektorea barrenetik ezagutzen du Elizondoko Francisco Joaquin Iriarte adinekoen egoitzan lanean ari den Maialen Ezkurra doneztebarrak. Hiru urte daramatza bertan lanean, baina, aski izan du bertako egoeraz konturatzeko.

«Orokorrean presio handiarekin egiten dugu lan. Langile falta dagoen arren, enpresak beti argudiatu du legezko ratioak betetzen direla. Hala ere guk argi dugu ratio horiek hagitz eskasak direla, eta ez dela zaintza duina bermatzen», kontatu du. Eguneroko lanaren adibidea paratu du: «Korrika eta presaka gabiltza leku batetik bertzera eta denbora hagitz gutti dugu jendea zaintzeko. Finean, gure lana aitortua ez egoteak prekarietatean murgiltzen gaitu».

Hiru urte daramatza bertan lanean Ezkurrak, eta hasi zenetik sumatu ditu aldaketak: «Hitzarmena sinatzea lortu bazen ere orokorrean lan baldintzak kaskarrak dira». Adibide bat paratu du: «Bajak ez dira behar bezala ordezkatzen, eta horrek lan erritmo altuetan lan egitera eramaten gaitu, langileon egoera fisiko zein psikologikoak okertuz». Gainera, «enpresarekin etengabe eztabaida batean egon behar izateak ere nekatu egiten du», azaldu du.

«Hitzarmena sinatzea lortu bazen ere orokorrean lan baldintzak kaskarrak dira»

Beren egoitzan lan hitzarmen propioa duten arren, Nafarroa osorako zahar egoitzetarako hitzarmen bat lortzeko lanean ari dira: «Langile horiek 1.792 orduko jardunaldia izatera behartzen dituzte 1.080 euro kobratuz», dio.

Lan egiten duen egoitzan behin baino gehiagotan atera dira karrikara, eta horrek «emaitza positiboak» izan dituela dio: «Hitzarmena berritzea lortu dugu eta neurri batean lan baldintzak hobetzea ere lortu dugu, horregatik uste dugu karrikara ateratzea onuragarria dela. Historikoki mobilizatutako zahar egoitza izan gara eta horrek bere fruituak eman dituela ikusi dugu».

Sektore feminizatua

Zaintzaren sektorea «erabat feminizatua» ikusten du Ezkurrak, eta «bertze lan feminizatuetan bezala ez dagoela behar bezala baloratua». Argi dio: «Zaintza bizitza sostengatzeko ezinbertzeko tresna da, eta gaur egun negozio ikuspegi batetik begiratzen zaio». Zer hobetua ikusten du sektorean, baina, horretarako lehen egitekoa «zaintza lanak benetako aitortza izatea» dela iruditzen zaio: «eredu aldaketa behar da eta pribatizazioarekin bukatu, negozioa zaintza esparrutik bereizteko», azaldu du.

«Etorkizun hobe baten eta zaintza sistema duin baten alde borrokatu eta karrikara ateratzea ezinbertzekoa da»

Ortzeguneko grebaren harira, «hagitz inportartea» iruditzen zaio bertan parte hartzea, nahiz eta bere kasuan ezingo duen . «Beti gutxieneko zerbitzuetan gauden lanean eta horrek greba eskubidea ukatzen digu», dio. Hala ere, ahal den heinean mobilizazioetan parte hartzeko gogotsu dago. «Kontzientziazioa garrantzitsua da, eta greba feminista orokorra baliatu behar dugu zaintza sistema aldatzeko», azaldu du.

Azken mezu bat ere nabarmendu du: «Orain gu gara zaintzaileak, baina, momentu batean gu zainduak izan beharko gara. Horregatik, etorkizun hobe baten eta zaintza sistema duin baten alde borrokatu eta karrikara ateratzea ezinbertzeko da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun