A30 Greba Feminista Orokorra

«Zaintza ezin da negozioa izan»

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 27a, 14:00

Azaroaren 30erako greba feminista orokorrera deitu du mugimendu feministak eta sindikatuek. Zaintza greba izanen da, «zaintzaren krisian» paratu nahi baitute fokua antolatzaileek. Eskualdean zaintza lanetan ari diren hainbat emakumeren testigantzak bildu ditu TTIPI-TTAPAk eta heldu den egunetan argitaratuko ditu.

20 urte inguru daramatza lanean Marijo Alemanek Elizondoko Benito Menni egoitzan erizain laguntzaile bezala. Hainbat sail dituzte egoitzan, eta adinekoen zaintza lanetan aritzen da Aleman, «oinarrizko» lanak egiten: egoiliarrak komunera eraman, paseora atera, mobilizatzeko ariketak egin…

Urteak daramatza bertan lanean, eta aski ongi ezagutzen du bertako egoera. «Ematen dugun zaintza oinarrizkoa da eta horretarako sistemak ezartzen dituen ratioak eskasak. Langileak lan karga handiarekin gaude eta horri gehitzen badiozu lan baldintzak xumeak direla, erraten ahal da egoera prekarioan gaudela».

Lan horretan daramatzan 20 urteetan, gainera, iruditzen zaio lan baldintzak ez direla hobetu: «Lan karga eta erantzukizuna handiagoa da, soldata berdina eta jai egunetako lan saria ere berdina. Uste dut egoera txarrean gaudela».

«Zaintza sektoreko langileak egoera txarrean gaude»

Zaintza krisian ikusten du Alemanek: «Zaintza behar duen pertsona bat negozioa bihurtzea penagarria iruditzen zait, zaintza ezin da negozioa izan». Horregatik, zaintza lanak publikoak izan behar direla iruditzen zaio: «Publikoak izanda lan baldintzak hobetuko dira eta horrek zaintza duin eta kalitatezko bat bermatuko du».

Sektorean gainera, langile falta nabarmena dagoela iruditzen zaio baztandarrari. «Zerbitzu publikoetan lanerako jendea falta bada, pentsa pribatuetan. Hemendik urte batzuetara arazoak izanen dira zentro pribatuetan langileak lortzeko». Horrek, titulaziorik gabeko jendea zaintza lanetan aritzera bideratzen duela dio. 

Langile faltaren inguruan hausnartu beharra dagoela uste du Alemanek: «Jendeak asteburuak libre eta lan baldintza onak nahi ditu, eta nahiz eta gustuko lana izan zaintzarena azkenean bertze norabait joaten bukatzen duzu». Datu adierazgarri bat ere eman du:  «Erizain laguntzaile ikasketak egiten dituzten 20 ikasletik 1ek bakarrik bukatzen du hemen lanean ditugun lan baldintzengatik».

Aldarrikatzeko beharra

Paradoxa da bere egoera, greba egin nahi badu ere ziur aski zerbitzu minimoak kubritzera joan beharko duelako ortzegunean: «Greba egiteko dugun eskubide horretan ezin dugu grebarik egin egunero gaudelako zerbitzu minimoetan», azaldu du.

«Ematen du zahartzean ez duzula balio»

Hagitz garrantzitsua iruditzen zaio zaintza lanak argitara ateratzea: «Koronabirusaren pandemian nabarmendu zen zaintza lanen garrantzia, baina orain berdin edo makurrago gaude. Tristea iruditzen zait zaintzari sozialki inportantziarik ez ematea».. Grebaren testuinguruaz harago ere zaintza lanak bistaratzea ezinbertzekotzat du «Lan handia da, baina hau pasatzean ere aldarrikatzen segitu behar dugu», nabarmendu du. Galdera bat ere paratu du mahai gainean: «Ni orain zaintzen ari naiz,  baina nork zainduko nau gero?».

Adinekoak zaintzearekiko «mespretxua» ikusten du Alemanek: «Beraiek guregatik hainbertze egin dute eta orain orain guk ez dugu egin nahi? Zahartzaroari sistemak balioa kentzen dio eta ematen du zahartzean ez duzula balio. Eta burua joaten bazaizu, atzendu. Tristea da hori».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun