A30 Greba Feminista Orokorra

«Denok hartu behar dugu ardura zaintzaren egoera aldatzeko»

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 26a, 08:00

Greba sozializatzeko lan handia egiten ari dira. Irudian, Bortzirietako talde feministetako kideak bileran

Azaroaren 30erako greba feminista orokorra prestatzeko lanean ari dira eskualdeko talde feministak. Zaintza grebara deitu dute, zaintzari beharrezko garrantzia eman nahi diotelako

Azaroaren 30erako greba feminista orokorra deitu du mugimendu feministak ELA, LAB, Steilas, ESK, EHNE, Etxalde eta CGT sindikatuen babesarekin. Greba azaroaren 30ean izanen bada ere, aitzinetik herriz herri eta eskualdez eskualde lan handia egiten ari da mugimendu feminista greba antolatzeko eta sozializatzeko. Egunean berean herriz herriz eginen dituzte ekintzak goizean eta Baztan-Bidasoko manifestazioa arratsaldean eginen dute Elizondon. Leitzaldekoek, arratsaldean Iruñeko manifestazio nagusian parte hartuko dute.  

Azaroaren 30erako greba feminista orokorra deitu du mugimendu feministak eta sindikatuek lehenengoz. Zer da greba feminista orokorra?

Greba lanuztea da, baina, azaroaren 30a ez da hori soilik izanen. Greba honetan saretzea, antolakuntza, politizazioa, interpelazioa eta harremanak jarri nahi ditugu erdigunean. Beraz, helburua ez da greba eguna bera, honen aitzinetik eta ondotik eginen dugun lana baizik. Greba feminista erradikala da. Sistema kapitalista, heteropatriarkal, kolonialista eta arrazista salatuko dugu eta pribatizazioaren arduradunak seinalatu behar ditugu. Orokorra izanen da, zaintza eskubidearen aldeko borroka jendarte osoarena delako; denok hartu behar dugu ardura zaintzaren egoera aldatzeko. 

Zein dira grebara deitzeko arrazoiak?

Zaintza lanak emakumeek egiten ditugunez, gutxietsiak daude eta ikusezinak dira. Alde batetik, emakumeek dohainik egiten ditugun lanak daude, eta bertzetik, zaintza lanak soldatapeko lan bihurtzen direnean, prekarizatuak daude. Enpresari batzuk, sakelak ederki betetzen dituzten bitartean, langileek lan baldintza eta soldata kaxkarrak dituzte eta zainduak izan behar diren pertsonak ez daude beti egoera duinetan. Zaintza ezin da negoziorako tresna izan! Gainera, arraza eta jatorriaren ardatzek ere erabat zeharkatzen dute zaintzaren gaia. Geroz eta zaintza langile gehiago ditugu etxeetan; migranteak dira gehienak eta bertakoek onartuko ez genituzkeen baldintza erabat prekarioetan ari dira.

Zein da zaintzaren egoera?

Egoera sostengaezina da. Zaintza beharrezkoa da. Bizitzan hainbat momentutan zaintzak beharko ditugu guziok, salbuespenik gabe. Baina nork zainduko gaitu inork ez badu zaindu nahi? Zaintza duinak jasotzeko eskubidea aldarrikatzeaz gain, guztiok zaintzeko dugun ardura mahai gainean jarri nahi dugu. Gainera, administrazio publikoek aunitz daukate egiteko. Administrazioa da zaintza eskubidea bermatzeko arduradun nagusia eta zaintza sistema publiko indartsu bat behar dugu zainduak izan behar direnen bizitzak eta zaintzaileen baldintzak duinak izan daitezen. Greba prozesuan zaintzaren egoera ikusarazi, eta zaintza lanei balioa eman nahi diegu. Aldi berean, egoera aldatzeko boterea daukatenak interpelatuko ditugu. 

«Zaintzaren auzia erdigunean jarri nahi dugu greban»

Zer erran nahi du zaintza greba izateak? 

Normalean zaintza lanak egiten dituztenek egun horretan ez zaintzea da zaintza greba. Hala ere, horrela egitea idealena izanen litzatekeen arren, ez da hagitz errealista. Zaintza ezin da momentu batean ere alde batera utzi eta, beraz, hagitz zaila izanen da zaintza lan guziak egitetik uztea. Horregatik, garrantzitsua da zaintzen beharra agerian jarri eta nork eta zein baldintzatan zaintzen duen azaleratzea eta ardura hori banatu dadin eragitea. 

Nola parte hartuko dute zaintzaileek?

Zaintzaile batzuek ezinen dute lanuzterik egin. Zahar etxeetan adibidez, zerbitzu minimoak izugarri handiak izaten dira. Etxeetako langileek bertzalde, lan erregimen orokorrean ez daudenez, izugarrizko zailtasunak dituzte greba egiteko. Bertze adibide bat orduka lanean aritzen direnak izanen dira. Duten soldatarekin doi-doi bizi direnei greba egitea eskatzen ahal zaie? Hori guzia dela eta, arlo bakoitzean zaintza greba modu diferentean egikarituko da. Zaintza lanak egiten ez dituztenek, gizonak adibidez, greba egunean zaintzeko ardura hartzea modu bat da, normalean zaintzaz arduratzen direnek greba egin dezaten. Greba batzordeetan, zaintza lanetan jarraitu beharko dutenen aldarrikapenak agerian uzteko moduak bilatuko ditugu eta egun horretan aldarrikapen horiek karrikara aterako ditugu

Aitzinetik 2018an eta 2019an ere antolatu ziren greba feministak. Zer da diferentea oraingoan?

Aurten zaintzaren gaian jarri da fokua, hau da, denon bizitzak erdigunean egon behar dutela aldarrikatuko dugu. Gainera, orokorra da, jendarte osoa dagoelako grebara deituta. Orain arteko greba feministak bezala, gai feministen bueltan eginen da, baina, aitzinekoetan ez bezala, gizonezkoek lan egiten duten eremuetan ere deituta dago. Industrian aritzen diren gizonezkoak zaintza eremuan aritzen diren emakumeekiko elkartasuna adieraztea da greba honen berrikuntzarik handiena. Gainera ezin dugu ahantzi, sistema ekonomiko osoa dohainik egiten diren zaintza lanetan oinarrituta dagoela. 

Nolatan sortu da aurten greba deitzeko asmoa?

Prozesu luze baten ondorioa da greba. 2020an zaintza sistemaren krisia agerian gelditu zen pandemiarekin. Horren ondotik, mugimendu feministak zaintzaren gaia erdigunera ekarri du, Denon Bizitzak Erdigunean dinamikaren bitartez. Honen harira, hainbat topaketa egin dira 2022ko otsailean eta 2023ko apirilean. 

«Greba orokorra da eta jendarte osoa dago deitua egun horretan»

Zein daude grebara deituak?

Greba orokorra da, beraz, jendarte osoa.

Zer parte hartzen izanen dute gizonek?

Parte hartze aktibo bat, herri batzarretara deituta daude, eta egunean eginen diren mobilizazioetara ere bai. Hala ere, greba egunean zaintzaileak mobilizazioetara ateratzeko, hutsune hori gizonek bete dezatela eskatzen dugu. 

Euskal Herri mailako greba izanen da?

Hego Euskal Herriko greba izanen da, Ipar Euskal Herrian greba egiteko nahikoa baldintza ez daudela baloratu da, baina azaroaren 30a zaintzaren gaia lantzeko erabiliko da eta hainbat ekintza antolatuko dira. Gure eskualdean Xaretaren berezitasuna daukagu. Zugarramurdi eta Urdazubi Nafarroa garaiko herriak dira eta Sara eta Ainhoa berriz, Lapurdikoak. Eskualde mailan antolatzen ari gara, baina Sarako eta Ainhoako kideak ez daude grebara deituak. Gure eskualdearen egoera kontuan hartuta eginen ditugu mobilizazioak eta denak deituko ditugu mobilizazioetara. 

Zein da mugimendu feministaren parte hartzea, eta zein sindikatuena?

Mugimendu feministak deitzen eta antolatzen du greba eta euskal sindikatuak mugimendu feministaren aldarrietara atxiki eta antolaketan parte aktibo izaten ari dira.

Eskualdean nolakoa izan da orain arte antolaketa?

Bailara bakoitzean mugimendu feminista modu autonomoan antolatzen ari da. Aldi berean, elkarrekin egin beharrekoak adostu eta elkar elikatzeko koordinazio guneak sortu ditugu. Hemendik aitzinera ere jendea aktibatzen eta mobilizatzen jarraituko dugu eta adi egon mobilizazioei. 

Zein ekintza izanen dira egun horretan?

Goizeko mobilizazioak herri mailakoak izanen dira: bazkariak, asanbladak, manifestazioak, zaintza guneak... antolatuko dira. Arratsaldean, berriz, Baztan-Bidasoan mobilizazio handia eginen dugu Elizondon 18:00etan. Hagitz garrantzitsua izanen da jendea bertan elkartea.

Zein dira egun horretarako dituzuen asmoak?

Ahalik eta jende gehien mobilizatzea, zaintzaren gaiak erdigunea hartzea, zaintzaileen arteko aliantzak eraikitzea, zaintzaren eskubidea bermatzearen arduraduna den administrazioa interpelatzea eta zaintza sistema publiko komunitario indartsu bat behar dugula aldarrikatzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun