A30 Greba Feminista Orokorra

Mugimendu feministak eta sindikatuek greba feminista orokorrera deitu dute ortzegunerako

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 27a, 13:00

Greba feminista orokorra iragartzen duen kartel bat karrikan. Irudia: Asier Azpilikueta/WIkipedia

Zaintza eskubide kolektiboaren alde grebara deitu dute mugimendu feministak eta sindikatuak azaroaren 30erako. Eskualdean ere hainbat herritan eginen dituzte grebarekin lotutako mobilizazioak. 

Kalitatezko zaintza sistema publiko bat aldarri, ortzegunean lantokiak hustu eta karrikak betetzeko deia egin dute. Horretarako herriz herri mobilizazioak antolatu dituzte. Eskualdeko manifestazio nagusia Elizondon eginen dute 18:00etan. Leitzaldekoak, aldiz, Iruñeko mobilizaziora joanen dira.

Baztan
  • 09:00etan piketeak Elizondoko plazatik abiatuta.
  • 10:30ean elkartasun kalejira zahar etxetik abiatuta.
  • 14:00etan bazkaria. Izena emateko: 643 97 09 75 zenbakira idatzi. Prezioa 10 eurokoa da, eta langabetuena 7 eurokoa.
  • 18:00etan Elizondoko plazatik hasita eskualdeko mobilizazioa.
Bera
  • 05:00etan pikete informatiboak eginen dituzte industriagunean Botxotik hasita.
  • 10:00etan zaintza guneen ibilbidea, herriko etxetik hasita Altzateko plazaraino.
  • 13:30ean bazkari autogestionatua Toki Onako estalpean. Ondotik, kotxeen apainketa.
  • 16:00eta Elizondora abiatuko dira kotxeetan Altzateko plazatik.
Malerreka eta Bertizarana
  • 10:00etan Donezteben herriari bira eta grebarako gonbita herriko ostatutik hasita.
  • 12:00etan txapa tailer girotua eliza atarian.
  • 13:00etan kontzentrazioa Doneztebeko biribilgunean.
  • 14:00etan bazkari autogestionatua Doneztebeko liburutegian. Ondotik kotxe apainketa.
  • 17:00etan Elizondoko mobilizaziora kotxe karabana Doneztebeko sarrerako zubitik.
Lesaka
  • 11:00etan kalejira zaintza guneetan barrena: haur eskolan hasi eta zahar etxeraino.
  • 12:00etan elkarretaratzea zahar etxearen aitzinean. Ondotik kalejira plazaraino.
  • Eguerdian grebalarien bazkaria Arrano elkartean.
  • 16:15ean kotxe karabana Lesakako zubitik.
Leitza
  • 08:45ean kotxe karabana Larbandotik abiatuta.
  • 10:00etan gosari autogestionatua plazan.
  • Bitartean aldarrikapenen txokoa plazan: informazio puntua, aldarrikapenak zehazteko momentua eta mobilizaziorako materialen sorkuntza.
  • 12:30ean mobilizazioa plazatik abiatuta.
  • 16:15ean Iruñeko manifestaziora joateko hitzordua eskolako parkinean.
  • 18:00eta manifestazioa Iruñean Antoniuttitik abiatuta.
Arantza
  • 12:00etan elkarretaratzea plazan.
Elizondora joateko kotxe karabana

Eskualdeko manifestazio nagusia Elizondon eginen dute, eta horretarako bi kotxe karabana eginen dituzte. Lehenengo kotxe karabana 16:00etan aterako da Berako Altzateko plazatik, ondoko geldialdiak eginen ditu: 16:15ean Lesakako zubian, 16:20ean Etxalarko Bentan, 16:30ean Berrizaunen, 16:45ean Sunbillan, 17:00etan Doneztebeko zubian, 17:10ean Oronozko bidegurutzean, 17:15ean Arraiozko zubian eta 17:20ean Iruritako plazan.

Bigarren karabana Sarako plazatik aterako da 16:30ean eta lau geldialdi eginen ditu: 16:45ean Zugarramurdiko lezean, 16:55ean Urdazubiko plazan, 17:15ean Amaiurko bidegurutzean eta 17:20ean Ordokin.

TTIPI-TTAPAk ere grebarekin bat eginen du

TTIPI-TTAPAk ere bat egin du ortzegunerako deitutako greba feminista orokorrarekin. TTIPI-TTAPAren Lesakako egoitza itxia izanen da egun horretan eta lanpostuen arabera antolatuko dituzte lanuzteak. Erredakzioko langileek ortziralean itzaliko dituzte ordenagailuak eta administrazio arloko langileek ortzegunean berean eginen dute bat mobilizazioarekin. Ortzegunean, erran.eus atarian grebaren inguruko jarraipena bakarrik eginen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun