Azaroak 25

Egiturazko indarkeria matxistaren kontra

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 18a, 08:00

Joan den urtean azaroaren 25aren harira Elizondon egindako elkarretaratzea. Argazkia: Juan Mari Ondikol.

Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren harira, horren kontrako mezuak adituko eta ikusiko ditugu egunotan. Egoeraren larritasunak, ordea, gaia urte osoan lantzeko beharra agerian uzten du. Ilbeltzetik irailera aurten 34 salaketa aurkeztu dituzte eskualdean. Berdintasun teknikariekin bildu da TTIPI-TTAPA eta «guztion inplikazioa eta konpromisoa» eskatu dute, baita «gizonen inplikazio aktiboa» ere. Horrez gain, indarkeria matxisten biktimen elkarrizketak argitaratuko ditu ondoko orduetan.

Gaur zortzi azaroaren 25a izanen da, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna. Indarkeria hori lehenbiziko lerrora ekartzeko eguna izaten da, nahiz eta gaia urte osoan mahai gainean mantendu beharrekoa izan. Gero eta gehiago solastatzen da indarkeria matxistaz, baina hor segitzen du, ez da desagertu, eguneroko kontua da. 

Genero indarkeria hizpide hartuta eskualdeko hiru berdintasun teknikariengana jo du Ttipi-Ttapak: Ana Albistur Beunza (Bortziriak), Eider Perez de Heredia Goñi (Baztan) eta Amaia Paz Vallejorengana (Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko teknikaria). Eskualdean izan diren salaketak eta indarkeria matxistaren biktima izan diren lau herritarren testigantzak ere bildu ditu TTIPI-TTAPAk. Indarkeria psikologikoaren biktima batek, ziberindarkeria jasan duen gazte batek, bikotekidearengandik indarkeria psikologikoa, fisikoa eta sexuala jasan dituen emakume batek eta sumisio kimiko bidez bortxatu duten bertze batek euren aitorpenak egin dituzte.

Datuen errepasoa 

Urtetik urtera goiti doa eskualdean salaketa kopurua. Hala diote Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Atalak emandako datuek. Joan den urtean, adibidez, ilbeltzetik irailera 25 salaketa aurkeztu zituzten. Bada aurten, denbora tarte berean, 34 izan dira. Albisturrek eta Perezek uste dute «kontzientzia hedatua dagoela iruditu arren, datuek alarma soziala pizteko arrazoi nahiko ematen dutela. Azken urteotan genero indarkeriaren gorakada nabarmen orokortu da». 

«Kontzientzia hedatua dagoela iruditu arren, datuek alarma soziala pizteko arrazoi nahiko ematen dute»

Ana ALBISTUR eta Eider PEREZ DE HEREDIA, berdintasun teknikariak

Zifrak «altuak» direla azaldu dute, baina kontuan hartzeko ohartarazpen bat egin dute: «2022ra arte sexu askatasunaren kontrako delitu ugari ez ziren emakumeen kontrako indarkeriatzat hartzen. Urte horretan, sexu askatasunaren berme integralari buruzko lege organikoa [Soilik bai da bai deitua] onartuta, indarkeria mota gehiago biltzen ditu emakumeen aurkako indarkeria gisa. Beraz, argi dago indarkeria matxistagatik jarritako salaketen datuak altuagoak izanen liratekeela». Hain zuzen, sexu erasoen harira, Estatuko Fiskaltza Nagusiak emandako datuak aipatu nahi izan ditu Leitzaldeko eta Urumealdeko teknikariak: «Nafarroan 2022an % 25 gehiago izan ziren sexu askatasunaren aurkako auziak, eta % 94 gehiago sexu erasoak. 16 urtetik beherakoen aurkako sexu erasoak % 166 igo ziren aurreko urtearekin alderatuta». Perezek eta Albisturrek ere adin ttikiko emakumeen kontrako indarkeria kasuak aipatu dituzte. 18 urtez azpikoen bi salaketa izan ziren 2021ean eskualdean, 2022an lau izan ziren eta, aurten, oraingoz, lau dira. Nafarroan aurten, abuztura arte 96 aurkeztu dituzte, eta 2022an 98 izan ziren: «Agerikoa da datuen larritasuna eta gorakada». 

Bai Nafarroan, bai eskualdean, indarkeria fisikoa eta psikikoa dago salaketa gehienen gibelean. Eta Baztango eta Bortzirietako teknikarien arabera, «joera horrek baieztatu egiten du indarkeria hori dela gehien identifikatzen eta salatzen dena». Baina arazoa haratago doa: «Horrek fisikoa ez den bertze indarkeria mota bat identifikatzeko eta salatzeko zailtasuna agerian uzten du. Indarkeria bere adierazpen larrienekin bakarrik identifikatzen segitzen dugu, alde batera utziz genero indarkeria diren bertze indarkeria mota batzuk»

Icebergaren punta baino ez 

«Datuak lazgarriak» direlakoan daude Baztango eta Bortzirietako teknikariak, baina ez da hori bakarrik: «genero indarkeriaren larritasuna zifretara mugatzeak arrisku ugari ditu, emakumeok pairatzen ditugun indarkeriak ez dira zifra hutsak, ezin gara hor gelditu».

«Badakigu indarkeria salaketetatik haratago daola»

Amaia PAZ, berdintasun teknikaria

Bide beretik, «salaketen igoeratik indarkeriak gora egin duela baieztatzea zaila da» Pazen arabera: «Kontzientzia gehiago izateak ere eragina du, indarkeria identifikatzen laguntzen digu, baita salatzen ere». Bere hitzetan, «datuek argi uzten dute arazo sozial bat dela. Indarkeria dagoela argi dago». Horren kontra «neurriak hartzen jarraitzeko beharra» kontatu du, tartean «neurriak diseinatzerakoan indarkeriaren forma berriak kontuan hartzea». Gizartea aldatu ahala, «indarkeriaren formak aldatzen» ari dira gaineratu du, eta azken urteotan eremu digitalean gertatzen ari dena paratu du adibidetzat: «Duen forma duela ere, indarkeria guztiek oinarri bera dute». 

Gisa berean, «datuek indarkeriaren nondik norakoak ezagutzeko laguntzen duten arren, salaketenak besterik ez direla» azpimarratu du Pazek: «Badakigu indarkeria salaketetatik haratago doala». Uste berekoak dira Bortzirietako eta Baztango teknikariak eta «salatzen dituzten indarkeria kasuak icebergaren punta baino ez direla» erran dute: «Indarkeria kasuak salatzen direnak baino aunitzez gehiago dira». Datuak dira lekuko: «Ikerketek diote salatzera ailegatzen diren indarkeria kasuak totalaren % 20 bertzerik ez direla, eta aunitz dira salatzea zailtzen duten faktoreak: kulpa, beldurra, dependentzia ekonomikoa edo psikologikoa, maitasun erromantikoaren mitoen eragina, herritarren zurrumurruak eta estigmatizazioak, prozesu judizialaren konplexutasunak, informazio gabezia, instituzioen eta jendartearen babes falta...».

«Emakumeon aurkako indarkeria egiturazko fenomenoa da, gizarteko arlo guztietan gertatzen da»

Ana ALBISTUR eta Eider PEREZ DE HEREDIA, berdintasun teknikariak

Hala, argi utzi nahi izan dute, «emakumeon aurkako indarkeria egiturazko fenomenoa dela, eta gizarteko arlo guzietan gertatzen dela: bikote arteko harremanetan, familian, sare sozialetan eta eremu digitalean, besta eremuan, kirolean, komunikabideetan, aisialdian... Egunero elikatzen dugu jarrera matxistak normalizatuz eta diskurtso negazionisten bidez, bakoitzak hartu behar duen ardura hartzen ez dugunean, matxistak ez garela diogunean». 

Ilbeltzetik irailera 34 salaketa eskualdean
  • Erasotzaile gehienak 30-49 urte artekoak: 34 salaketa horietatik hemeretzitan erasotzaileak 30 eta 49 urte bitartekoak izan dira, hau da, kasuen erdia baino gehiagotan. 18 eta 29 urte bitarteko erasotzaileek egindako bederatzi salaketa aurkeztu dituzte; 50 eta 64 urte bitartekoenak bortz izan dira eta 65 urtetik goitikoena bat.
  • Batez ere eraso fisikoak eta psikikoak: Aurkeztutako salaketa gehienetan biktimek eraso fisikoak eta psikikoak salatu dituzte. Hamahiru kasutan biak salatu dituzte. Tratu txar psikikoak jasateagatik bederatzi salaketa aurkeztu dituzte aurten; urruntze agindua urratzeagatik zortzi izan dira eta sexu erasoak aurten lau lagunek salatu dituzte.
  • Bikotekideen erasoak: 34 salaketa horietan, erasoak egungo bikotekideak egindakoak izan direla adierazi dute hamabortz biktimek. Bertze hamabi salaketa bikotekide ohiek egindakoak izan dira; lau bertzelako harremanen bat zutenen aldetik egindakoak eta hiru familiako norbaitek egindakoak.
  • 30 eta 49 urte bitarteko biktimak: Salaketen erdia 30 eta 49 urte bitartekoek aurkeztutakoak izan dira, 34tik hamazazpi zehazki. 30 urtez azpiko biktimenak ere ez dira gutti: 18 eta 29 urte bitartekoenak zortzi eta 17 urtez azpikoenak lau. Gainerakoan, 50 eta 64 urte bitarteko biktimen bortz salaketa izan dira. 
Kontzientzia goiti, datuak goiti

Leitzaldeko eta Urumealdeko teknikariak Europako iparraldeko egoera paratu du mahai gainean: «Herrialde horietan berdintasun politiketan oso aurreratuak daude. Hala ere, datuak oso altuak dira». Eta zergatik?: «Alde batetik, aldaketen kontrako erresistentziagatik izan daiteke, eta bestetik, zenbat eta kontzientzia maila handiagoa eta berdintasun politika aurreratuagoak izan, errazagoa izan daiteke indarkeria identifikatzea, hortaz hitz egitea eta arreta baliabideetara jotzea».

«Aldaketen aurrean ohikoak dira erresistentziak, are gehiago pribilegioak tartean daudenean»

Amaia PAZ, berdintasun teknikaria

Hemen ere «berdintasunaren alde azken urteotan aurrerapauso garrantzitsuak» egin direlakoan dago, «baina aldaketen aurrean ohikoa izaten dira erresistentziak, are gehiago pribilegioak tartean daudenean. Diskurtso negazionistak eta jarrera matxisten normalizazioa, esaterako, gaur egun indar handia hartzen ari dira. Feminismoak lortutako aurrerapenen kontrako erresistentziak dira».

Eskualdean lanean 

Arazoa egituran dagoen arren, Perezen eta Albisturrek «instituzioen erantzukizuna ukaezina» dela diote. Eta genero indarkeriaren harira, hutsunea sumatzen dute: «Landa eremuko emakumeak hirikoak baino babesgabeago daude, bertzeak bertze, zerbitzuak hiriguneetan zentralizatzen dituztelako». Hortaz, «gure entitate publikoek genero indarkeriaren prebentziorako esfortzu gehigarria egin behar dute». 

Eta horretan ari dira, «emakumeentzako eta haien senide eta lagunentzako arreta hobetzeko eta profesionalizatzeko» lanean. Tartean, Baztango, Malerrekako eta Bortzirietako profesionalak trebatzeko saioa egin dute bi berdintasun zerbitzuek sustatuta. Eta Baztango Udalak abenduan Baztango Emaztekien Kontrako Indarkeriaren Aitzinean Jarduteko I. Koordinazio Protokoloa sinatuko du.   

Kontzientziazio eta sentsibilizazio ekimenekin ere urte osoan ari dira: «lantegiak, prestakuntzak, kultur ekintzak, ekimenak institutuetan eta eskoletan, komunikazio kanpainak, mobilizazioak erasoak salatuz, lanketak besta eremuetan neska eta emakumeentzat, LGTBI kolektiboari arreta emateko...». Bide horretan, «mugimendu feministaren eta instituzioen arteko koordinazioa» nabarmendu du: «Beharrezkoa da emakumeen beharrei erantzun osoa emateko».

Leitzan, Areson, Goizuetan eta Aranon ere «sentsibilizazio lan handia» egin dute, eta horrez gain, «mugimendu feminista aktibo» izateak «herritarren sentsibilizazioan eragin duela» esplikatu du teknikariak. 

Gainerakoan, azaroaren 25aren harira, «sentsibilizazio kanpainak eta herrietako eragileekin jarduerak» egiten dituzte, baita indarkeriari ikusgarritasuna emateko ekimenak ere.«Iaz, adibidez, Leitzako eta Aresoko emakumeei jasan dituzten indarkerien inguruko galdetegia zabaldu genien». Eskolekin, institutuaren eta guraso elkarteekin elkarlanean ere ari dira, baita «emakumeentzako zerbitzuak eta arreta hobetzeko» proiektuekin ere. Helburu horrekin «2020an egoeraren diagnostiko bat eginda, gizarte zerbitzuetan arretarako protokoloa» egin zuten. «Tokiko koordinazio protokolo bat ere egin genuen, erakundeen arteko koordinazioa hobetzeko»; Pazen ustez, «birbiktimizazioa saihesteko eta kalitatezko arreta eskaintzeko koordinazioa hobetzea eta elkarlana ezinbestekoak baitira». Goizuetan eta Leitzan, festa giroan gertatzen diren erasoen prebentziorako eta horiei erantzuteko protokoloak eta trebakuntzak ere egin dituzte herriko eragileekin eta «oso baliagarriak» izan dira.  

Gobernuaren zerbitzuak eskura 

Nafarroako Gobernuak ere baditu baliabideak. Batetik, urtarrilean sexu indarkeriaren biktima diren emakumeei 24 orduz arreta integrala emateko zentroa irekiko du Arrosadian (Iruñea), presentzialki nahiz telematikoki artatzeko. Hamasei urtetik goitiko emakumeentzako izanen da, indarkeria duela gutti edota iraganean jasan dutenentzat, salaketa aurkeztua izan edo ez.  

Bertzetik, emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei osoko arreta emateko zerbitzua (EAIV-BAIT) martxan du gobernuak. Salaketa aurkeztu edo ez, indarkeria jasaten duen edo jasateko arriskuan dauden emakumeei eta haien ingurukoei laguntzeko zerbitzua da.   

Ikusten baduzu, geldiarazi

Egoeraren larritasuna agerikoa da, eta indarkeria matxista desagertzea «guztion ardura» dela azpimarratu nahi izan du Pazek. Horretarako «guztion inplikazioa eta konpromisoa» eskatu dute hiru teknikariek, eta gaineratu dutenez, baita «gizonen inplikazio aktiboa» ere. «Normalizatuak ditugun begirada eta jokabide matxistak identifikatu eta alde batera utzi behar ditugu, eta inguruan identifikatzen ditugun jarrera matxistak seinalatu eta aldarazi: Ikusten duzu? Geldi ezazu!»

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun