Azaroak 25

«Erasoak ez dira bestan eta ezezagunengandik bakarrik pasatzen»

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 18a, 10:00

Argazkia: Freepik.

«Jasan ditudan eraso matxista guztiak zerrendatzen hasiko banintz, ez nuke inoiz bukatuko». Hala dio 18-25 urte arteko gazte honek, «indarkeria matxista egunero» jasaten duela. Bertzeak bertze, ziberindarkeriaren biktima izan da eta bidean feminismoak eman dion indarra nabarmendu du. Feminismoari esker, «hagitz ahaldunduta eta indarkeria matxista ororen kontra erantzuteko prest» ikusten du bere burua.

Indarkeria matxistari lotuta zer bizipen izan dituzu? 

Nire bizitza labur honetan jasan ditudan eraso matxista guztiak zerrendatzen hasiko banintz, badakit ez nukeela inoiz zerrenda idaztetik bukatuko. Feminismoa bizitzeko eta munduan egoteko era bat da niretzat eta orain arte aunitz ikasi eta hartu dudan arren, ziur naiz oraindik identifikatzeko gai ez naizen hainbertze eraso egoera izan ditudala. Indarkeria matxista gure eguneroko ohiko bizipenetan edo bizipen sotilenetan pairatzen dugu, nahiz eta identifikatzeko gai ez izan. Emakume izanik karrikan zoazela x eraso izan dezakezula jakinez bizitzea indarkeria da; bestan eskuak ipurdian dituzula ibili behar izatea indarkeria da; bezeroek emakume izateagatik edozein gauza erran diezadaketela sentitzea indarkeria da; eta indarkeria da nik eskatu gabe mutil batek bere zakilaren argazkia bidaltzea; azken horretan zentratuko naiz.

Zein egoeratan gertatu zen? 

Indarkeria matxista egunero jasaten dut, eta hala izan zen lehenbizikoz zakil baten argazkia hartu nuenean, etxean eta ernatu berritan. Beraz, erasoak ez dira bestan eta ezezagunengandik bakarrik gertatzen.

Momentuan ohartu zinen gertatutakoa zer zen? 

Urte parrasta daramatzat feminismoan eta horri esker, bideoa ireki orduko, aski garbi nuen erasoa pairatzen ari nintzela, eta bertze aldean zegoen mutila erasotzaile bat zela. Ez dira ekintza isolatuak, erasotzaileak dira eta kito. Jakin eta onartuko bagenu inguruan zenbat eta zenbat erasotzaile ditugun, desberdin izanen litzateke. 

Noiz erran zenuen «aski da»? 

Eta erran ez banu?

Babesa sentitu duzu? 

Bai, eta argi dut nire ingurua feminista izan ez balitz, ez nukeela babesa modu eta neurri berean hartuko. 

Kanpoko laguntza izan duzu? 

Feminismoari esker ezagutu dudan jendea eta eraiki ditudan harremanei esker banekien norbaiti kontatuta ez nintzela epaitua izanen, eta aunitzez ere lasaiago eta babestuago sentituko nintzela norbaitekin partekatuz gero. Beraz, nire inguruarengana jo nuen. 

Salaketarik aurkeztu duzu? 

Bai, saiatu nintzen, baina Foruzaingoak aski garbi erran zidan «salaketa bat paratzeko ez zela nahikoa». Beraz, talde feministekin eta udaleko berdintasun teknikariarekin elkartu ondotik, ziberjazarpenaren inguruko lanketa egitea adostu genuen, baita salaketa publiko egitea ere. Ziur nago bertze bidea aukeratu izan banu baino aunitzez erosoago eta babestuago sentitu nintzela horrela. 

Gaiaz lasai aritzen zara? 

Egunetik egunera gero eta ahaldunduago ikusten dut neure burua feminismoari dagokionez, eta horrek gertatutakoaz solas egitea zein publikoki salatzea ahalbidetzen dit. 

Gaiaren inguruan kontzientzia gehiago dagoela iduri du, baina indarkeria matxistak hor segitzen du...

Gero eta kontzientzia gehiago dagoela erraten dugunean, jendeak indarkeria mota nabarmenenak detektatzen dituela erran nahi dugu. Guztiok dakigu norbait bortxatzea indarkeria matxista dela edo emakume bat erailtzen dutenean indarkeria matxista dela, baina benetako aldaketa nahi badugu, eraldaketa gauza ttikienetan egin behar da, eta gizartearen hein handi bat ez dago horrek ekarriko lukeen deserosotasuna eta lanketa bere gain hartzeko prest. Gehienek erosotasunaren bidea hartzen dute. Nire inguruan matxismoak lehenbiziko lerroan segitzen du, jendea, orokorrean, hagitz matxista da, baina hori baino adierazgarriagoa iruditzen zait, horren kontra gero eta neska* zein emakume* gehiago ari direla ikustea, horrek indar eta itxaropen handia ematen dit.

Zer aholkatuko zenuke? 

Ez zait aholkulari lanetan aritzeko gaia iduri. Bertzerik gabe, feminismoan murgildu eta bizitza duinagoak izateko borrokatzera animatu nahi zaituztet. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun