Azaroak 25

«Haurdunaldiak argitu zidan egun hartan zer pasatu zen»

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 18a, 12:00

Argazkia: Freepik.

«Ukituak, begiradak, ahozko komentarioak, bortxaketa...». Indarkiera mota aunitzen biktima izan da 40 eta 50 urte bitarteko bertze emakume aunitz bezala. Egunerokoan «etxean, lanean edota matxote kuadrilletan elkarrizketa higuingarriak aditu eta aguantatu» ditu, eta sumisio kimiko bidezko sexu eraso batetik biziraun du. 

Zer eraso jasan dituzu? 

Bortxatu ninduten, ttikitatik gurasoen laguna zen gizon batek titi muturrak ukitzen zizkidan, besta guneetan ipurdi ukitzeak eta babosoak aguantatu behar izan ditut, baita begirada eta ahozko mespretxuak ere, objektu sexual sentitzeraino. Egunerokotasunean, etxean, lanean edota edozein matxote kuadrillen elkarrizketa higuingarriak aditu eta aguantatu behar izatea ere tokatu zait. 

Zein egoeratan gertatu zen sexu indarkeria? 

Mutil ezagunen artean, betiko ostatu batean. Bolada nekagarria neraman eta astegunez lasaitzera atera nintzen. Ezagun horietako batek bere etxera gonbidatu ninduen ostatua ixtera zihoalakoan, eta onartu nuen. Gurekin bertze mutil bat etorri zen. Bat-batean mutil horren etxean gaizki sentitzen hasi nintzen, inoiz ez bezala. Ezinezkoa zen bi kalimotxoren ondorioa izatea. Ez nuen ulertzen zer gertatzen zitzaidan, ezin zutik egon, goitika egiten... Ez naiz sekula hain gaizki sentitu. Mutil horiek laguntzen ari zirenaren itxura egin zuten, baina ezongi eta inkontziente nengoela probestu zuten. Nire subkontzientziak bazekien zerbait txarra gertatu zela, baina zer ez. Denbora pasatu eta haurdunaldiak argitu zidan egun hartan pasatutakoa.

Beraz, gerora ohartu zinen... 

Bai. Inondik inora ez nuen halakorik espero. Ez nintzen deusez ohartu. Nirekin eta nire gorputzarekin nahi zutena egin zuten, arima urratuz, eta nire gorputzaren memorian tatuatuz. 

Nola sentitu zinen? 

Hasieran ezin sinetsi eta ulertu gelditu nintzen, shock egoeran. Ondotik, lotsa, kulpa, beldurra, nazka... Ez nekien zer egin gertatzen ari zenarekin eta sentitzen ari nintzenarekin. Blokeatuta baina neure buruarekin aitzinera egiteko gai izanen nintzelakoan, ez nuen deus kontatu, hurbileko pertsona pare bati baino ez, eta horiei ere behartuta, laguntza beharko nuelako EAEra joateko haurdunaldia etetera. Nafarroan ez baitzuten egiten. Babesik handiena etxekoek eta egiazko lagunek eman didate, kontatzen hasi nintzenean. Gaizki pasatu dut, barrenean zama, eta korapilatzen ari zitzaidan emozio eta amorruarekin, mozkortzen nintzenean batzuetan ezezagunekin edo 'lagun' ezagunekin negar malkoen artean libratzen nintzen, jakin gabe horrek zer ondorio ekarriko zituen. Eta min handia egin zidaten, jendeak nirekin kontatu gabe gauzak egin eta solas egin zuelako.

Kanpoko laguntza behar izan duzu? 

Laguntza osoa aunitzetan gutti da. Egia da lehenbiziko norberak onartu behar duela zer behar duen. Baina pistak kanpotik eman daitezke, eta gehienbat ondotik, beti ere pertsona egokiekin topo egiten baduzu. Lagunak eta profesionalak betiko izanen ditut nirekin, ni zaintzeko eta indartzeko prozesuan nirekin egon direnak. Tresna aunitz eman eta erakutsi dizkidate, eta badakite eurekin beti eskertua egonen naizela.

Salaketarik aurkeztu duzu? 

Ez. Halakoetan, ez duzu salaketa paratzeko indarrik. Hautsita zaude eta prozesu mingarria eta gogorra da. 

Gertatutakoa lasai kontatzen duzu? 

Gaur egun, kontakizun bat bezala kontatzeko gai naiz, emozionalki beti mugiarazten dizu eta aunitzetan ez dakizu kontatu edo ez, bertzeak nola hartuko duen kezkarekin. Inori ez zaigu epaitua izatea gustatzen. 

Indarkeria matxistari lotuta, zer ikusten duzu inguruan? 

Oraindik lan aunitz dagoelako egiteko: bai informazioari dagokionez, bai gure testigantzak sinesteari dagokionez... Babes eta konfiantza faltak ez digu laguntzen. Indarkeria matxistaz solastatu naizen hamar emakumetik bederatzik zerbait pasatua du. Oilo larrua jartzen zait isiltasunean hau dena aguantatzea normaltzat hartua dugula ikusita. Kasu guztiak desberdinak dira, pertsona bera ez da berdina; eta bakoitzak bere denbora behar du, bere beharrak ditu, eta elkar errespeta dezagun.

Zer gabezia ikusten dituzu? 

Nire kasuan, gaiarekin lehenbiziko hurbiltasuna izan nuenean, 20 urte nituen eta garai hartan osasun publikoan izan nuen psikologoak aunitz lagundu zidan nengoen tokitik ateratzen. Gerora, sexu indarkeriaren denboran, ez nuen suerte hori izan eta hagitz galduta ibili nintzen erakundeekin. Beraz, gaia nire kontura landu behar izan nuen eta lantzen segitzen dut egunerokotasunari eusteko. Aipatu nahi dut komunikabideek ez digutela laguntzen, morboa sortzen dutelako. Errespetu falta sentitzen dut, portzentajeak garelako, bertzerik ez. 

Orain zer moduz zaude? 

Ongi sentitzen naiz, indartua eta bizitzeko gogoz, heldu diren gazi-gozo eta kolore guztiekin. 

Zer aholku emanen zenieke zure egoeran daudenei? 

Zaila da aholkatzea... Kasu bakoitza bakarra eta norberarena da. Nik ez bezala, etxean edo konfiantzazko norbaiti ahal den agudoen kontatzeko erranen nioke, lehenbailehen libratzeko. Horrela hasten da sendatzen eta norberaren nia birbilatzen. 

Zerbait gaineratuko zenuke?

Denok hurbiltasuna inoiz baino gehiago behar dugula, elkarrekin dena errazagoa delako. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun