Azaroak 25

«Familiakoek eta lagunek ohartarazi arren, beti aitzakiak paratzen nituen»

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 18a, 11:00

Argazia: Tokikom

«Zulo handi batean, autoestimua lurrazpian, lur jota, umiliatua, babes gabe, gertatutakoaren errudun...». Hala sentitu izan da aitorpen gogor honetako protagonista. Bikotekidearengandik indarkeria psikologikoa, fisikoa eta sexuala jasan duen 40 eta 50 urte bitarteko emakumea da eta onartu du halako «pentsamenduak eta sentimenduak alde batera uztea eta bizitza bideratzea gogorra eta zaila» dela. Garbi du: «Estatuaren indarkeria da hau eta sistemak ahotsik gabe nahi gaitu». 

Zer indarkeria jasan duzu? 

Emozionalki, fisikoki eta sexualki eraso didate. Indarkeria emozionala edota psikologikoa hagitz sotila da: umorearen bidez, zure iritzia baliogabetuz, zeure buruaz duda eginez, hagitz ttiki sentiaraziz, zure gustuak edo zure nortasuna gutxietsiz, jende aitzinean eta eremu pribatuan mespretxatuz... Nire kasuan, ondotik, oihuak etorri ziren, barkamen eskeak, 'barkatu, zu gabe ezin dut bizi'. Eta maite duzunaren maitasuna berreskuratzeko eta berriz ere baloratua sentitzeko adikzioa sortzen da, lur jota uzten zaituen menpekotasuna. Indarkeria psikologikoa gurpil moduko bat da, eta hortik ateratzea zaila da. Horixe da nire istorioa, eta autoestimua lur azpian nuenean, emozionalki zutik mantentzeko eta baloratua sentitzeko bere afektuaren menpe nengoenean, nolabait errateko, bere esku nengoenean, utzi egin ninduen, gure artekok ez zuela funtzionatzen erranez, errua nirea zela. Hala, kolpeak etorri ziren, eta berak ni jotzea ere nire errua zela sentitzen nuen... Momentu horietan hagitz ahul sentitzen zara, zauritutako animalia bat bezala, noraezean, eta ez duzu aterabiderik ikusten. Izu-atakeak ere izan nituen. Berarengana ere joan nintzen, bere babesa, afektua eta onarpena behar bainituen. Laguntza eskatu nion, baina fisikoki eta emozionalki hain jota nengoela probestuz, sexualki eraso zidan. Lasaigarriak hartuak nituen eta ez nintzen neure buruaren jabe. Bere besarkada baino ez nuen behar. Berak, ordea, eraso egiteko eta nire gorputzarekin sexu harremanak izateko probestu zuen. Nire gorputzarekin diot, neure burua ez zegoelako presente.

Noiz ohartu zinen zer egin zizun? 

Indarkeriaren prozesua hagitz kapritxosoa da. Azken urteotan izan ditudan bikotekideekin hori bizi izan dut. Dagoeneko 20 urte pasatu dira eta ohartzen naiz, baina gure traumak eta zauriak hor ditugu eta ia normalizatua dugu. Gainera, ohartu arren, aldatuko dela, maite zaituela eta bera ere ohartuko dela sinetsarazten diozu zeure buruari. Sinesten ditugun maitasun erromantikoaren mitoak dira. Familiakoek eta lagunek ere ohartarazten dizute, baina beti paratzen dituzu aitzakiak. Gainera, eraso fisikoekin eta sexualekin izugarrizko lotsa sentitzen nuen, eta nire kulpa zela sinetsarazten nion neure buruari. Lagunek gertatzen ari zenari izena paratzen zioten, baina nik denbora behar izan nuen onartzeko. Egoera horiek bizitzea hagitz umiliagarria da. Trapu zahar bat bezala sentitzen zara. Gainera, kulpa zurea dela sentiarazten dizu, zuk probokatu duzula. Pentsamendu eta sentimendu horiek alde batera uztea eta bizitza bideratzea hagitz gogorra eta zaila da.  

Bakarrik sentitu zara? 

Bai, aunitzetan: aterabiderik gabe, seme-alabekin bakarrik nola eginen nuen aitzinera, beldurrak... Blokeatuta gelditzen zara, baina bizitzarekin aitzinera segitu behar duzu: seme-alabak, lana... Aldi berean, hurbileko jendearen babesa sentitu dut, eta lagundu didaten pertsonengana eta tokietara eraman naute. Bertzetik, bion lagunen aldetik baztertua sentitu naiz, ez dute nire historia sinetsi nahi eta hori hagitz mingarria da. Hurbileko norbait erasotzailea dela onartzea hagitz zaila da, eta aldiz, emakumeak gaiztoak garela sinestea hagitz erraza. Hori horrela izan dadin antolatua dago dena, estereotipoek kalte handia egiten digute.

Kanpoko laguntzaz behartu zara? 

Bai, kanpoko laguntza handia behar izan dut: psikologoena, liburuena, hitzez hitz ohatzetik ateratzera etorri diren eta begiak ireki dizkidaten lagunena, terapeutena, familiarena... Batzuetan lasaigarri bat edo bertze ere hartu izan dut.

Salaketarik aurkeztu duzu? 

Ez.

Indarkeria matxistari lotuta, zer ikusten duzu inguruan? 

Jendeak gaia leundu nahi izaten du, erran bezala, zaila baita inguruko norbait horrelako zerbait egiteko kapaz dela onartzea. Jendeak bikote arteko kontuak direla erraten du, baina gaiaz argi eta garbi aritzea, izenak, puntuak, komak, ñabardurak eta egiak mahai gainean paratzea kostatzen da. 

Gizarteak badaki zer den indarkeria matxista? 

Ez du ideiarik ere zer den. Hau patriarkatuaren prozesu luze bat da, indarkeria patriarkatua da, eta erasotzaileak sistema horren baitan heziak izan dira. Baina horrek ez du gure kontra erabiltzen duten indarkeria justifikatzen. Hau estatuaren indarkeria da, zerbaitegatik ez dira ari behar bezala. Gizarte biolentoa eta zigortua izateko interesak daude. Sistemak zaurituak, zaurgarri, menpeko eta ahotsik gabe nahi gaitu, berdintasunaren, konpartitzearen eta maitasunaren bidean borrokarik egin ez dezagun.

Zer aholkatuko zenieke zure egoeran daudenei? 

Bakarrik ez egoteko eta egoera latz horretatik ateratzeko gertatu zaiena partekatzeko. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun