Azaroak 25

«Erasotzaileak kulpa beti zurea dela sentiarazten dizu»

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 18a, 09:00

Argazkia: Freepik.

Etxean, «ia beti haurren aitzinean» eta «etengabe» tratu txar psikologikoak jasan ditu lekukotasun honetako protagonistak. 40 eta 50 urte bitarteko emakumea da eta «momenturo tentsioan eta bere erreakzioen beldur» ibili izan da. «Jarrera horiek harreman sano batekoak ez zirela» bazekien arren, hasiera hartan «justifikatzen» zituela onartu du. «Kulpa beti nirea zela» sentitzen zuen, «desastre hutsa» zela pentsatu. Gaur egun, ordea, buelta eman dio eta «barneko lanketa handia» eginda, «ongi» dagoela dio.  

Zer eraso jasan dituzu? 

Etxean tratu txar psikologikoak jasan ditu, ohikoak izan dira, indarkeria erabiliz, umiliatuz eta mespretxatuz. Berarekin tentsioan bizi nintzen, bere erreakzioen beldur eta beti arretaz jokatuz. Gainera, erasotzaileak beti kulpa zurea dela sentiarazten dizu.

Zein egoeratan gertatu dira erasoak? 

Ia beti haurren aitzinean. Haurrek inondik inora ikusi behar ez lituzketen egoera hagitz gogorrak normalizatu dituzte. 

Noiz konturatu zinen zer ari zen gertatzen? 

Beti ohartu naiz jarrera horiek ez zirela harreman sano batekoak, baina neurri batean justifikatu egiten nuen, berak izaera gogorra  duelako, erraz lehertzen den horietakoa delako, eta arrazoia izaten ahal zuela pentsatzen nuelako. 'Bai, arrazoi du, desastre hutsa naiz', pentsatzen nuen. Manerak ez zitzaizkidan egokiak iruditzen, baina funtsa bai. Gaur egun, ez bata, ez bertzea ez zaizkit egokiak iruditzen. 

Bakarrik sentitu zara edo babesa izan duzu? 

Babesa izan dut, bai profesionalena, bai hurbileko jendearena. Baina pausoa norberak eman behar du. Nire ingurukoek ezin zuten entenditu egoera hori alde batera uzteko hainbertze urte behar izatea. Hitzez adieraztea ere aunitz kostatu izan zait, urte aunitzez disimuluan ibili naiz.  

Kanpoko laguntzaren beharra izan duzu? 

Bai, genero indarkeriaren gaian espezializatutako psikologo batekin urte aunitzetan ibili naiz. 

Gertatutakoa salatu duzu?

Bai, baina nahiago nuen banantze arrunt bat. Ezinezkoa izan zen. Tratu txarrengatik edo emakumeen kontrako indarkeriagatik salaketa prozesua hastea hagitz gogorra da. Presio handia sentitzen duzu, aunitzetan merezi duen edo ez dudatzen duzu. Halako prozesu judizialak izugarri gogorrak dira. 

Gaiaz aise solastatzen zara? 

Hurbileko eta konfiantza dudan jendearekin arazorik gabe solastatzen naiz, baina niretzat isilpeko gaia da, airatu nahi ez dudana. Uste dut jendeak badakiela edo zer gertatzen den susmatzen duela, baina ez didate galdetzen. Eta ez dut nire bikotekide ohia seinalatu nahi. Neurri batean, gure seme-alabengatik, bere bizitza berregitea gustatuko litzaidake.

Indarkeria matxistaren harira, zer sumatzen duzu inguruan? 

Gure inguruko bikoteen artean edo bizilagunen artean zerbait gertatzen dela susmatzen dugun arren, bertzeen kontu pribatuetan ez dugu sartu nahi izaten. Aditu dudanez, nire egoerari buruz norbaitek 'laguntza eskatzen badit, lagunduko diot, baina bitartean...' erraten zuen. Behar ez den tokian muturra sartzea dela iruditzen zaigu. Gaizki-ulertutako errespetu kontua da. 

Zure ustez gizarteak zer daki indarkeria matxistaz? 

Muturreko zerbait bailitzan ulertzen dute, indarkeria fisikoa dela. Indarkeria psikologikoa sotilagoa da, ikusteko eta ikusarazteko zailagoa. Gainera, aise justifikatzen dugu. Baina ohartu behar dugu norbait jende aitzinean bere bikotekidea umiliatzeko edo mespretxatzeko kapaz baldin bada, zer izanen den atearen bertze aldean. 

Gaur egun zer moduz zaude? 

Neure buruarekin barneko lanketa handia egiten ari naiz eta ongi nago, baina salaketa aurkezteagatik errudun sentimenduarekin segitzen dut. 

Zer aholku emanen zenieke zure egoera berean dauden emakumeei? 

Batez ere, profesional baten laguntza onartzeko. Egoera bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta ez da kasu guztietan berdin jokatzen. Edozein moduz, bikote harremanean sufritzen ari diren emakume guztiei harreman hori alde batera uzteko erranen nieke. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun