Maiatzeko uholdeen harira, Arano, Goizueta, Lesaka eta Berako herritarrei laguntzeko neurriak onartu ditu Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 21a, 15:00

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, maiatzaren 19an eta 20an uholdeen ondorioz kalteak izan zituzten Aranoko, Goizuetako, Lesakako eta Berako herritarrak zerga batzuk ordaintzetik salbuetsita geldituko dira. Aldi berean, gobernuak udalei ere diruz lagunduko die kobratu gabe gelditu zaizkien zergengatik.  

Nafarroako Gobernuak gaurko saioan onartu ditu maiatzeko uholdeetan kalteak izan zituzten lau herrietako pertsona fisikoei eta juridikoei laguntzeko neurriak. Zergetan izanen du eragina, zerga batzuk ordaintzetik salbuetsita geldituko baitira kaltetuak izan zirenak. Alde batetik, aurten ez dute kontribuziorik ordaindu beharko, eta ordaindutakoa bueltan hartzeko aukera izanen dute. Horrez gain, kaltetutako lau herrietako batean negozioa dutenen kasuan, jardun ekonomikoaren zerga ez dute ordaindu beharrik izanen aurten eta ordaindutakoa itzuliko zaie. Bertzetik, martxan ziren instalazio eta obren kasuan, eraikuntza obren zerga ordaintzetik salbuetsita geldituko dira, beti ere, uholdeek obretan izan duten eraginaren zenbatekoa kontuan hartuz.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak udalei konpentsatzea erabaki du. Zehazki, aipatutako zerga horien kontura hartuko ez duten zenbatekoa toki entitateei konpentsatuko die.

Kaltetutako herritarrek eta entitateek bi hilabeteko epea izanen dute zerga salbuespenak udaletxean eskatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun