Bera hondamendi eremu izendatzeko eskatuko du udalak

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 22a, 10:30

Larunbat goizaldean egindako euri jasa bortitzak uholde handia eragin du Beran. Zia errekak gainezka egin zuen herriko hainbat puntutan, eta urez bete ziren Altzate, Kanttonberri, Legia eta Bortziriak karrika, eta Zubixabal eta Illekueta auzoak. Gainera, mendiko pista aunitz ere kaltetuak izan dira, eta erortzeak izan dira hainbat puntutan. Bera hondamendi eremua izendatzeko eskatuko du udalak. 

Uholdeak erangidako kalteak zenbatzeko eguna dute gaurkoa Beran. Patxi Castillo zinegotziak TTIPI-TTAPAri kontatu dionez, atzo herrian lehen inspekzio bat egin ondotik, teknikariak kaltetutako eremuak bisitatzen ari dira goizean goizetik. Gaur bertan eginen dute kalteak zenbatzen dituen lehen txostena, Nafarroako Gobernuari aurkezteko. 

Castillok azaldu duenez, herriko hainbat eremutan eragin ditu kalteak urak: Altzate, Kanttonberri, Legia eta Bortziriak karrika, eta Zubixabal eta Illekueta auzoetan, Agerrako hainbat sototan... Mendi bideetan ere kalteak nabarmenak dira ,batez ere Kaulen eta Garaitarretan. Gainera, Eztegara eta Kaxerna lotzen dituen bidea ere erabat kaltetua izan da.

Herrigunean hainbat izan dira kaltetutako etxebizitzak, eta horrekin batera baita komertzioak, eta Ricardo Baroja eskola bera ere. Eskolatik auzolanerako deia egin zuten larunbatean, eta gaur normaltasunez ireki dituzte ateak. 

Castilloren hitzetan, bi dira udalak hemendik aitzinera irekiak dituen lan ildoak: alde batetik Bera hondamendi eremua izendatzeko eskatzea, eta bertzetik Nafarroako Gobernuko ez ohiko diru laguntzak lortzea. Lehenengorako lehen tramiteak hasi dituzte, eta heldu den egunetan ikusi beharko da zer bide hartzen duen, Espainiako Gobernuaren eskumena delako. Nafarroako Gobernuko diru laguntzen harira, Castillok azaldu duenez, asteazkenean egiteko duten Gobernu Kontseiluan onartzekoak dituzte lehen laguntzak. Hala ere aurreratu du «hilabeteetako lana» izanen dela herria uholdeen aitzineko egoerara itzultzea. 

Herritarrei eskerrak

Berako Udalaren izenean, herritarrei eskerrak eman dizkie Castillok: «Asteburuko irudia tristea eta amorruz bete izan da, baina aldi berean, ikusi da herritarrek lan egiteko duten gaitasuna eta auzolanerako gaitasuna. Asteburu guztian egon dira lanean larunbat goizaldean hasi eta igandera arte. Elkartasun uholde bat izan da, eta orain uholde horrek aitzinera segitu behar du herrian bertan kontsumituz». 

Larunbatean, euri gelditu bezain pronto hasi ziren lehen garbiketa lanak. Ehunka izan ziren palak eskuan hartuta, uholdeak eragindako kalteak garbitzen ibili ziren herritarrak. Suhiltzaileak ere ibili ziren garbiketa lanetan, eta Berako Udalak Beralandetan paratutako bulegotik koordinatu zituzten lanak.

Igandean ere oraindik ere nabarmenak ziren urak eragindako txikizioak. Herritar aunitz ibili ziren kaltetutako bizilagunak laguntzen, eta Berako Udalak deituta, Altzate karrika eta plaza garbitzeko auzolana egin zuten. 

Berako Udalak jakinarazi duenez, urak kaltetutako zaborrak jasotzeko edukiontzi handiak daude Bortziriak eta Legia karrikan. Gaur arratsaldera bitartean egonen dira horiek. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun