‘Menditik dabil’ ala ‘Mendian dabil’?

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 31a, 08:00

Aunitzetan, NONDIK kasua erabiltzen da, berez NON kasua erabili beharko litzatekeen tokian.

Euskaltzaindiak dioen bezala, NONDIK kasuak bi balio nagusitu ditu, oro har:

  • Abiapuntua adieraztea: Etxetik etorri zen.
  • ‘Barrena edo zehar’ ideia adieraztea: Oihanetik (oihanean zehar) ibili zen.

Aunitzetan, ordea, gaztelaniaren eraginez-edo, NONDIK kasua erabiltzen da, berez NON kasua erabili beharko litzatekeen tokian. Adierazitako -tik kasuak ‘barrena’ edo ‘zehar’ adiera ez badu, NON kasua da egokia gisa honetako esaldietan:

  • ?Menditik dabil > Mendian (menditik zehar) dabil.
  • ?Karrikatik ikusi dut > Karrikan (karrikatik zehar) ikusi dut.
  • ?Hortik (al) dabil Patxi? > Patxi hor (al) da(go)/dabil?.
  • ?Utzi espediente hori hortik > Utzi espediente hori hor nonbait / hor(tik) zehar.
  • *Lehen, asko etortzen zen gure dendatik > Lehen, asko etortzen zen gure dendara.

Sinonimoak dira -n barna (Eratsunen barna dabil), -n gaindi (Elkarrekin zebiltzan Narbarten gaindi), -n zehar (Mendian zehar dabil), eta -n barrena (Odola atorran barrena dariola). Guztiek onartzen dute -tik kasua, baina -n baino guttiago ageri da tradizioan eta -n aldaera erabiltzen da nagusiki.

*Oharra: Izartxoa dutenak gaizki daude eta '?' zeinua daraman adibidearen gramatikaltasuna zalantzazkoa da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun