Joskintza baloratzeko desfilea izanen dute igandean Iturenen

Aitor Arotzena 2022ko eka. 3a, 08:00
Pili Garate Maritorena iruritarra, joskintza lanetan. Bestarekin loturalop lau diseinu aurkeztuko ditu igandean Iturenen.

Diseinu eta moda eskolan ari diren hamasei ikasleren lanak ikusteko eta baloratzeko desfilea antolatu dute igande honetan Iturengo Tresanea ostatuko lorategian. Bere garaian garrantzi handia izan zuen joskintzak eta galbidean dagoen ofizioa izan arren, afizio gustagarria da aunitzentzat.

Iruñeko Yolanda Gaviriaren diseinu eta moda eskolak desfilea antolatu du ekainaren 5ean Iturengo Tresanea jatetxeko lorategian. 23 urte ditu akademiak eta lehendik zenbait desfile antolatu badituzte ere, lehen aldiz hurbilduko dira Bidasoaldera, ikasturtean zehar egindako lanak erakustera eta baloratzera. «Landa eremura hurbildu nahi izan dugu moda eta diseinuaren mundua, ikasle aunitz inguru honetakoak izan ditugula kontuan hartuz», aipatu digu Gaviriak berak. 

Ekaineko lehen igandean goizetik diseinatzaileek beraien joskintza lanak eta bildumak ikusgai paratuko dituzte eta zenbait stand paratuko dituzte, salmentarako. Ondotik, bazkaria izanen dute Tresanean bertan. Arratsaldean lehiaketa izanen da eta ikasleen lana baloratzeko epaimahaia ere izanen da. 18:00etan hasiko da desfilea. Diseinatzaile bakoitzak bere diseinuak eta modeloak erakutsiko ditu eta 22 lagun ibiliko dira desfilatzen, batzuk eskualdekoak. Ikasturte bukaerako eta zenbaitzuetan, ikasketa bukaerako lanak ikusgai paratuko dituzte hamasei ikaslek. Horien artean eskualdeko ikasle bat izanen da, Iruritako Pili Garate Maritorena, gaur-gaurkoz Iruñeko diseinu eta moda akademian ari den eskualdeko pertsona bakarra. Epaimahaian Elizondoko Piko-Piko dendako Mamen Goñi, 2014ko Santa Luzia egunean zilarrezko titarea irabazi duen Doneztebeko Blanca Bañares jostuna, Donamariako Rosa Mindegia, Iciar Mikelperizena Berako margolaria eta Iruñeko Gorka Lizarraga izanen dira epaimahaian. Garapen eta joskintza onenaren saria eta diseinu eta sormen-lan onenaren saria emanen dituzte. Olari jatetxeko Ruben Garatek eta Cristobal Zelaietak aurkezle lanak eginen dituzte. Sorpresaren bat ere izanen omen da, arratsaldea girotzen laguntzeko.

Patroiak egitea

Gaur egun Pili Garate da Iruñean joskintza ikasten ari den bakarra, baina aunitz izan dira bertan ikasi dutenak eta horietako batzuen testigantzak bildu ditugu. Guztiek ttikitatik maite zuten jostea eta, gehienetan, profesionalki bertze bide batzuk hartu badituzte ere, gustura daude ikasitakoarekin. Pili Garatek bosgarren ikasturtea du, baina segitzeko asmoz dago: «hobby moduan hasi nintzen eta hala segitzen dut, bertze lan batean ari naizelako Dantxarinean. Laupabortz urte eri egon nintzen eta neure buruari erran nion zerbait berezia egin nahi nuela bizitzan eta josten hasi nintzen. Ez dakit etorkizunean lana izaten ahal den, baina oraingoz hobbya bertzerik ez da. Hainbertze gauza ikasten dituzu: orain badakit zein oihal diren onak, zein oihal behar diren galtza batzuk egiteko edo soineko bat egiteko, kamiseta bat egiteko prozesua luzea dela… Ez da josi eta kitto, lan aunitz da. Gehien gustatzen zaidana patroiak egitea da. Zerotik eta gure neurriekin hasten gara eta gero familiakoen, edo lagunen neurriak hartuta egiten ditugu patroiak.». Iturengo desfilera lau diseinu aurkeztuko ditu, «besta (ezkontzak, etab.) gaitzat hartuta egindako lau konjunto, gorpuzkera ezberdinei egokituak… Orain buru-belarri ari naiz horiek akitzen. Niretako berezia da Iturenen izatea desfilea, etxean jokatzen dut, baina horrek gauzak ongi egiteko ardura berezi bat ere sortzen dit, presio pixka bat eta urduritasuna…».

Mirentxu Goienetxe amaiurtarrak lotura bikoitza izanen du igandeko desfilearekin, ikasle ohi moduan, eta Iturengo Tresanea ostatuko kudeatzaile gisara. Goienetxek aipatu digunez, «denetarik ikasten genuen: nola egin kremailera bat, sakela, lepokoa, eskumuturra… Orduko tela guztiak altxatuak ditut. Kortea eta patronajea ikasi nuen, hau da, neurriak hartuta edozein arropa egiten… Tela moztea zail egiten zitzaidan niri. Gero, matematika hutsa zen: gerruntzean baldin badituzu hainbertze zentimetro, gero hemendik hainbat kendu behar duzu, etab.».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun