MIRENTXU GOIENETXE

«Denbora gutiz lan politak egin ditzakezu»

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 3a, 09:00
Mirentxu Goienetxe amaiurtarra duela 22 urte aritu zen josten ikasten eta gaur egun Iturengo Tresanea jatetxeko kudeatzailea da.

Mirentxu Goienetxe amaiurtarrak lotura bikoitza izanen du igandeko desfilearekin, ikasle ohi moduan, eta Iturengo Tresanea ostatuko kudeatzaile gisara. Goienetxek aipatu digunez, «bi urtez segidan ikasi nuen, 2000-01 eta 2001-02 ikasturteetan, astean bi arratsaldez, hiru orduz, irailetik ekainera».

«Denetarik ikasten genuen: nola egin kremailera bat, sakela nola egin, lepokoa, eskumuturra… Orduko tela guztiak altxatuak ditut. Kortea eta patronajea ikasi nuen, hau da, neurriak hartuta edozein arropa egitea… Tela moztea zail egiten zitzaidan niri. Gero, matematika hutsa zen: gerrauntzean baldin badituzu hainbertze zentimetro, gero hemendik hainbat kendu behar duzu, etab…», aipatu digu.

Goienetxeren erranetan, «bi urtez arras gustura ibili nintzen, denbora laburrean aunitz ikasi nuen, eta gero galdegiten nion neure buruari zergatik utzi ote nuen… Baina bizitzak bertze bide batetik eraman ninduen, gizarte langile izateko oposizioak prestatu behar nituen… Josteari denbora aunitz eskaintzen nion, hasten banintzen 6-7 ordu aritzen ahal nintzen inongo problemarik gabe eta orduan erabaki behar izan nuen: edo oposizioak edo jostea».

«Ttikitatik aunitz maite nuen jostea –dio–, izeba bat jostuna izandakoa nuen eta bere arrimuan edo josten ibiltzen nintzen. Apuntatu nintzenean nire ametsak nituen, ikasiko dut diseinatzen, eginen ditut nire kolekzioak… Baina ikustea zenbat denbora pasatu behar duzun kremailera xinple bat egiten eta horren truke zenbat kobratu dezakezun… Nire kasuan banuen bertze irtenbide bat, gizarte lana, eta hortik segitu nuen».

Goienetxeren ustez «merezi du, deus jakin gabe, denbora guttiz lan politak egin ditzakezu. Batzuetan diruagatik erosi ezin duzun soineko bat zeronek egin dezakezu, tela on bat erosita eta zeronek diseinatuta. Tela on bat zer den  eta ongi jostea zer den baloratzen ikasi genuen, kalitatea non dagoen. Azken finean, orain arropa-denda kateetara joaten gara eta horietako batean erositako galtza batzuei dobladilloa egiten hasi nintzenean ohartu nintzen: ‘Ostra, hau nola dago josita?'».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun