KRISTINA URRUTIA

«Orain ere patroiak atera eta aritzen naiz»

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 3a, 12:00
Kristina Urrutiak oraindik ere erabiltzen du bere garaian joskintza ikastaroan ikasitakoa.

Hiru ikasturte egin zituen Kristina Urrutia Juanikotena amaiurtarrak Iruñeko diseinu eskolan, «arras maite nuelako joskintza. Denbora aunitz pasatu da, 2008tik 2011ra. Lehenbizi haurrak Elizondoko konzentrazioan nituenean hasi nintzen, guraso elkartearen bidez antolatu ziren joskintza ikastaroetan. Gero, Iruñean lanean hasi eta orduan aprobetxatu nuen Yolanda Gaviriaren akademian izena eman eta hiru ikasturte egin nituen. 2013an Doneztebera etorri nintzen lanera eta Blanca Bañaresekin hasi nintzen».

Izan ere, Urrutia erizaina da eta bere lanbidearekin ez du zerikusirik joskintzak, «baina betidanik gustatu izan zaizkit eskulanak eta jostea. Nire amak ere aunitz josten zuen eta ez dakit horregatik edo, beti gustatu zait. Gehien bat apuntatu nintzen patroiak nola egin erakusten zutelako: soineko bat egin nahi banuen, neurriak hartu… prozesu dena erakusten zuten eta aunitz gustatu zitzaidan. Egia erran, gauza pila bat ikasi nuen eta gustura gelditu nintzen ikasitakoarekin. Gero segitu nuen ikasten, baina pandemia honekin arras bazter utzia dut. Kontzentrazioa behar duzu eta ez da manerarik, pena bat da».

Halere, orduan ikasitakoa aunitz erabili izan du Kristina Urrutiak: «Egin izan ditut abrigoak, soinekoak, faldak… oraindik ere zerbait egin nahi dudanean, patroiak atera eta hasten naiz lanean».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun