BLANCA BAÑARES

«Arropa berria sortzea da politena»

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 3a, 10:00

Blanca Bañares doneztebarra joskintza lanetan aritzen da.

48 urte zituela hasi zen Iruñeko akademian Blanca Bañares Ziganda doneztebarra, 2000. urtean, eta titulua atera zuen. «Aitzinetik zerbait aritzen nintzen josten, baina orduan ikasi nuen. Denetarik ikasi nuen, baina arropa berria sortzea, bakoitza bere neurriekin, hori da politena».

Geroztik jostun lanak egin ditu –Zilarrezko Titarea ere jaso zuen 2014an Doneztebeko Santa Luzia egunean– eta joskintza ikastaroak ere eman ditu Donezteben. «Aurten ere eman dut –dio Bañaresek–. Pena da gaur egun gure herrietan gazteek ez dutela jostea maite eta ez dute ikasten».

Igande honetan Iturenen epaimahaikide izatea suertatuko zaio eta «joskintza baloratuko dut, nola dagoen moztua, dena bere lekuan ongi kokatua egotea… Ardura pixka bat ere izanen da, baina ahal duguna eginen dugu» erran digu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun