Nafarroako Torturatuen Sareak torturatuak izan direnen testigantzak bilduko ditu abenduan eta urtarrilean Leitzan

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 14a, 13:00

Ekinklik Argazkiak

Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zor fundazioak Nafarroako torturatuen elkarte bat sortzea erabaki dute, adierazi dutenez, «Nafarroan torturatu eta tratu txarrak jasan dituzten ehunka pertsonei ahotsa emateko, eta gure artean zaintzeko». Testigantzak biltzeko abenduan eta urtarrilean formulario batzuk zabalduko dituzte Nafarroako hainbat herritan, eta tartean, Leitzako Torrea tabernan.

Egiari Zor fundazioak eta Nafarroako Torturatuen Sareak Iruñeko Zabaldu elkartean egin zuten aurkezpena, eta tartean izan ziren, bere garaian euren testigantza TTIPI-TTAPAri kontatu zioten Josu Iparragirre Lukanbio aranztarra, Xotero Etxandi Juanikotena arraioztarra eta Iosu Unsion Pabolleta beratarra. Torturatuak izan diren eskualdeko bederatzi lagunen testigantzak bildu zituen TTIPI-TTAPAk 2020ko urrian. 

Hiru helbururekin hasi dira «torturatuen sarea ehuntzen Nafarroan». Alde batetik, «Nafarroan torturatuen bozgorailu» izan nahi dute; horrekin batera, «Nafarroan estatuko segurtasun indarrek eragindako biktimen errolda ahalik eta zabalena eta zehatzena» egin nahi dute eta hirugarrenik «pertsona horien aitortzaren eta erreparazioaren alde» lan egin nahi dute. Elkartearen arabera, «milatik gora izan daitezke 1961etik 2012ra bitarteko aldian Nafarroan torturatutako pertsonak».

Horregatik hasi dute «torturak eta tratu txarrak jasan dituztenen errolda osatzeko» bidea. Formulario bat prestatu dute biktimek euren kasua azal dezaten, eta hilabete honetan eta hurrengoan, Nafarroako hainbat herritan izanen dira, testigantzak biltzeko. Iruñeko Zabaldin, abenduaren 15ean, 22an eta 29an eta urtarrilaren 12an, 19an eta 26an, 18:00etatik 20:00etara; Altsasuko Kukuerreka elkartean, abenduaren 16an eta 30ean eta urtarrilaren 13an eta 27an, 19:30etik 21:00etara; Etxarri Aranazko kultur etxean abenduaren 16an, 23an eta 30ean eta urtarrilaren 6an, 13an, 20an eta 27an, 19:30etik 21:00etara; Leitzako Torrea tabernan, abenduaren 16an, 23an eta 30ean eta urtarrilaren 6an, 13an, 20an eta 27an, 18:00etatik 19:30era; eta Barañaingo Akelamendi elkartean, abenduaren 16an, 23an eta 30ean eta urtarrilaren 6an, 13an, 20an eta 27an, 18:00etatik 20:00etara.

 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun