*Berradiskidetu? ala Adiskidetu?

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 5a, 08:00

Euskaltzaindiak ez du eman ber- eta bir-en erabilerari buruzko arau berezirik. Bata eta bertzea ia beti partizipioari eransten zaizkio eta ‘errepikapena’ adierazten dute. Joera nagusia <ber- + bokala> egitea da (berragertu, berreraiki, berregin...) eta <bir- + kontsonantea> (birgaitu, birjaio, birlandatu...). Salbuespen bakarra berpiztu da.

Kasu batzuetan izena ere gertatzen da oinarri, eta, orduan, ‘bigarren aldiz lortzen dena’ da adiera orokorra: birbiloba, birraitona, birramona...

Zenbaitetan ez dago zertan ber-/bir- aurrizkia erabili erdarazko re- aurrizkia duten hitz guztien euskarazko ordainetan. Euskaltzaindiaren Hiztegian, adibidez, hauek ez dira ageri: 

  • *Berradiskidetu (es: ‘reconciliar(se)’ / fr: ‘(se) réconcilier’) > adiskidetu.
  • *Birfindegi > (petrolio-)findegi... 

Izan ere, ber-/bir- moldeez gain, euskarak baditu bertzelako baliabideak:

  • berrindartu/indarberritu.
  • birsortu/sorberritu. 
  • berpiztu/pizberritu.

*Oharra: Izartxoa dutenak ez dira zuzenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun