Nafarroako Gobernuak mugen itxieraren erabakia malgutzeko eskatu dio Pirinio Atlantikoetako prefetari

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 12a, 12:00

Ilbeltzean, Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko zortzi pasabide ixtea erabaki zuen Pirinio Atlantikoetako Prefeturak, tartean Lizuniagako lepoa, Lizarietako lepoa, Berruet bentako pasabidea eta Izpegiko lepoa. Erabaki hau, aditzera eman zuenez, «terrorismoaren aurkako borroka indartzeko» helburuarekin hartu zuen. 

Aste honetan, Atlantikoko Europa Hegoaldeko Erregioen Konferentzian parte hartu zuten Nafarroako Gobernuak eta Pirinio Atlantikoetako Prefeturak, eta, bertan, Sergio Perez Garciak, Nafarroako Kanpo Ekintzetarako zuzendari nagusiak, mugen itxiera malgutzeko eskaera egin zion Eric Spitz prefetari. Perezen hitzetan, mugako zortzi pasabide horiek itxi izanak «eragozpen ugari» eragin dizkie muga inguruko biztanleei: «Lan edo familia arrazoiengatik lurralde batetik bestera ibili behar dutenen mugimendua oztopatzen du, eta martxan diren lankidetza proiektuen garapena zaildu». Hortaz, «salbuespenak» paratzeko eskatu zion Nafarroako Gobernuko ordezkariak prefetari.

Eskaera honen aitzinean, Pirinio Atlantikoetako prefetak erantzun zuen muga ixteko erabakia «ezohiko baldintzatan» hartu zela, eta debekua «luze gabe» kentzeko asmoa dutela. Hala ere, «inguruko herritarrek pairatzen dituzten eragozpenak arintze aldera» hainbat neurri adosteko prest azaldu zen. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun