*'Faborito bezala ikusten dut' ala 'Faborito ikusten dut'?

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 4a, 11:00

Euskaltzaindiak ez du berariazko araurik eman bezalari buruz. Baina ez da egokia gaztelaniazko ‘como’ edo frantsesezko ‘comme’ guztiak bezalarekin ordezkatzea; euskarak baditu molde propio egokiak horretarako. Berez, konparazio-hitza da bezala, eta konparazio-perpausetan erabiltzekoa; hortik kanpo, kalko-arriskuagatik, tentuz neurtzekoa da.

Hona hemen adibide batzuk:

  • *Bortz urtez aritu zen Erratzun irakasle bezala > Bortz urtez aritu zen Erratzun irakasle.
  • *Pailazo bezala mozorratu da > Pailazoz mozorrotu da.
  • *Faborito bezala ikusten dut Olaizola > Faborito ikusten dut Olaizola
  • *Tonto bezala hartu naute > Tontotzat hartu naute.
  • *Pottokaren bidea bezala ezagutzen den... > Pottokaren bidea erraten zaion bidea…
  • *Orixe bezala ezagutua > Orixe izenez ezagutua.

Zenbait ohar

  • Adibideei sarrera emateko funtzioan, (es) ‘(tales) como’ edo (fr) ‘comme’ esapideen ordainetan, bezala(ko) baino egokiagoak dira honako hauek: bertzeak bertze, esate baterako, eta antzeko, hala nola...
                -?Gure lorategietan, txantxangorria eta zozoa bezalako txoriak izaten dira > Gure lorategietan, txantxangorria, zozoa eta antzeko/halako txoriak ibiltzen dira / Gure lorategietan, zenbait txori-klase ibiltzen dira, hala nola txantxangorria eta zozoa.
  • Kalko-arriskuak badakar kontrako joera ere, hau da, behar izanda ere, bezala ez paratzea.
                -*Beti Gaztek partida galdu zuen, eta, hori gutxi balitz, bi txartel gorri atera zizkioten > Beti Gaztek partida galdu zuen, eta, hori gutxi balitz bezala (hori nahikoa ez eta / hori gutxi ez eta / hori nahikoa ez zela), bi txartel gorri atera zizkioten).

*Izarotxoa dutenak ez dira zuzenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun