*Kontzertua eskaini ala kontzertua eman?

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 15a, 18:00

Erdararen kalkoz (espainieraz ofrecer eta frantsesez offrir), euskaraz ez dagokion adiera ematen zaio batzuetan eskaini aditzari. Euskaltzaindiaren arabera, egokiak dira ardoa eskaini, bertso bat eskaini, laguntza eskaini eta halakoak, baina prentsaurrekoekin, solasaldiekin, kontzertuekin eta gisakoekin eskaini erabiltzea ez da zuzena. Eman, egin, jo… dira erabili beharrekoak.

 Hona hemen adibide batzuk: 

  • *Merkatariek prentsaurrekoa eskainiko dute
    > Merkatariek prentsaurrekoa eginen dute.
  • *Berako Kultur Pilulak egitasmoari esker, herriko musikariek kontzertuak eskaintzen dituzte 
    > Berako Kultur Pilulak egitasmoari esker, herriko musikariek kontzertuak ematen dituzte.
  • *Dantzariek saioa eskainiko dute 
    > Dantzariek saioa eginen dute.
  • *Adituek tokiko turismoari buruzko solasaldia eskaini zuten atzo 
    > Adituek tokiko turismoari buruzko solasaldia eman zuten atzo. 

*Izartxoa dutenak gaizki daude.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun