Hona hemen adibide batzuk:
- * Azken orduetan 203 positibo berri atzeman dituzte > Azken orduetan 203 positibo gehiago atzeman dituzte.
- * Istripu berri bat izan da N-121-A errepidean > Bertze istripu bat izan da N-121-A errepidean.
- * Gol berri bat sartu diote atezainari > Gola sartu diote berriz atezainari.
Berri izenondoa zahar izenondoaren antonimoa da. Hori kontuan hartuz, ez genuke erranen *Istripu zahar bat izan dela N-121-A errepidean edo *Gol zahar bat egin diotela atezainari.
Zenbait kasutan, ordea, biak zuzenak izan daitezke, baina adiera ere hala ulertu behar da.
- Proposamen berria egin digute. Nolakotasuna adierazten du: aitzinekoa bertan behera utzi dute, eta haren ordezko proposamena egin digute.
- Bertze proposamen bat egin digute. Zenbatasuna, kantitatea adierazten du: aitzinekoaz gain, badugu bertze proposamen bat mahai gainean.
- Hiztegi berri bat erosi dugu. Berri horrek nolakotasuna adierazten du. Lehengo hiztegia zaharkiturik gelditu da.
- Bertze hiztegi bat erosi dugu (zenbatasuna): Lehen hainbat hiztegi genituen eta orain bat gehiago erosi dugula adierazi nahi du.
- Hautagaitza berri bat aurkeztu dute kontseilurako (nolakotasuna). Lehengo hautagaitza berritu egin dutela adierazi nahi du.
- Bertze hautagaitza bat aurkeztu da kontseilurako (zenbatasuna). Lehendik aurkeztuak ziren hautagaitzez gain, orain bertze bat aurkeztu dela erran nahi du.