Koronabirusa

Urdazubin edo Saran bizitzearen aldeak

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 29a, 15:00

Ezkerrean Sara eta eskuinean Urdazubi. Bertatik bertara badaude ere, ez dira neurri berean aterako konfinamendutik. (Urdazubiko argazkia: Valledebaztan.com-ek utzia)

Bera edo Sara, Urdazubi edo Ainhoa, Zugarramurdi edo Sara... Herriak bat bertzearen ondoan egonagatik, bateko eta bertzeko herritarrentzat ez dira berdinak izanen neurriak, konfinamendutik ateratzeko Hego Euskal Herrian lau fase ezarri baitituzte eta Ipar Euskal Herrian maiatzaren 11tik aitzinera neurriak arinduko dituzte.

Ipar Euskal Herrian maskarak erabiltzea derrigorrezkoa izanen da. Are gehiago, Euskal Elkargoak Ipar Euskal Herriko biztanle bakoitzari bina maskara banatuko dizkie herritarrei doan; Hegoaldean, ordea, ez, gomendatu baino ez dute egin. Ipar Euskal Herrian ikastetxeetara itzuliko dira, baina Hego Euskal Herrian ez dute halakorik erabaki. Hegoaldean haurrak asteburuan hasi dira ateratzen. Iparraldean, ordea, hasieratik izan dute ateratzeko aukera.

Ostalaritzan, Hego Euskal Herrian, maiatzean has daitezke ostalaritzako lokalak irekitzen, edukiera mugatuta. Iparraldean, aldiz, maiatz hondarrean erabakiko dute zer egin ostalaritzako tokiekin.

Neurriak ez ezik, Lapurdi eta Nafarroako arteko muga pasabide gehienak itxita segitzen dute eta honen inguruan ez dute deus aipatu. Eskualdean, Dantxarinekoa da irekia dagoen bakarra. Baina Saratik, Senperetik, Urdazubitik edo Zugarramurditik, Berara, Etxalarrera edo Lesakara edo alderantziz lanera joan behar izaten duten hainbat langilek ordezko bideak hartu behar izan dituzte, eta autoz bidaia luzeak egin. Horren aitzinean, joan den astean, langileei ohiko pasabideak irekitzea ere eskatu zioten Urdazubi, Zugarramurdi, Baztan, Etxalar eta Berako alkateek M. Eric Spitz prefetari. Baina alkateek oraindik ez dute erantzunik jaso.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun