Koronabirusa

Maiatzaren 11tik aitzinera konfinamendua arintzen hasiko dira Ipar Euskal Herrian

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 29a, 10:30

Hego Euskal Herriko neurriekin alderatuz, eta gure eskualdearen kasuan, aski kilometro guttiko tartean, bertzelako neurriak hartu dituzte konfinamendutik ateratzeko. Ipar Euskal Herrian maiatzaren 11tik aitzinera hasiko dira neurriak arintzen eta aste horretatik aitzinera maskarak erabiltzea ezinbertzekoa izanen da.

Maiatzaren 11tik aitzinera Ipar Euskal Herrian ikastetxeetara itzuliko dira haurrak, nahiz eta gurasoen esku geldituko den haurrak eraman edo ez. Hala ere, ez dira ikasle guztiak batera itzuliko: maiatzaren 11tik aitzinera ama eskolako eta lehen mailako ikasleak hasiko dira; maiatzaren 18tik aitzinera kolegioetako ikasleak itzuliko dira. Oraindik ez dute erabaki lizeoetako ateak irekiko dituzten ala ez. Hori bai, irakasle eta zaintzaile guzientzat maskarak banatuko dituzte, baina ama eskolako haurrek debekatuak izanen dituzte eta lehen mailakoei ere ez diete aholkatu.

Gainerakoan, parkeak irekiko dituzte baina birusa aunitz hedatu ez den departamentuetan bakarrik. Guttienez ekainaren 1a arte hondartzak itxita izanen dira eta kirol kolektiboak eta kontaktu kirolak ez dira baimenduak izanen.

Bertzela, posible den neurrian, telelana egiteko gomendioa luzatu dute eta ostalaritzako lokalek gehiago esperatu beharko dute. Hori maiatz hondarrean erabakiko dute. 100 kilometro arteko bidaiak ere egiten ahalko dira.

Konfinamendutik ateratzean maskarak derrigorrezkoak izanen dira. Horren harira, aipatu behar da, Euskal Elkargoak Ipar Euskal Herriko biztanle bakoitzari bina maskara banatuko dizkiela doan. Gainerakoan, astero 700.000 test eginen ditu Frantziak eta positibo ematen dutenak hamalau egunez isolatuko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun