Koronabirusa

Ekain hondarrerako «normaltasunera» itzuli nahi dute Hegoaldean

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 29a, 09:45

Berako karrikak hutsik.

Konfinamendutik ateratzeko lau faseko plana aurkeztu du Espainiako Gobernuak. Epidemiaren bilakaera ona baldin bada, uztail hasierarako normaltasun egoera egokitura itzuli nahi du. Hori baino lehen, lanagatik eta bertze salbuespen kasu batzuengatik ez bada, ezin izanen da probintzia batetik bertzera mugitu eta ez du zehaztu mugak noiz irekiko dituzten.

Normaltasun egokiturako itzulera  «poliki-poliki» eginen dutela adierazi du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eta horrez gain, «asimetrikoa» izanen da, hau da, tokiaren araberakoa, toki bakoitzean epidemiaren bilakaera diferentea delako. Gisa berean, «koordinazioa» aipatu du, administrazioekin elkarlanean landu nahi dutelako trantsiziorako bidea.

Trantsiziorako planak lau fase izanen ditu: prestaketa fasea, lehenbiziko fasea, bigarrena eta hirugarrena, eta batetik bertzera guttienez bi asteko tartea ezarri dute, «birusaren inkubazio tartea hori delako». Dena den, fase batetik bertzera pasatu aitzinetik egoera aztertu beharko da, eta bilakaera onerako bada egiten ahalko da aitzinera. Egoerak okerrera eginez gero, berriz ere gibelera egin beharko da.

Probintzia batetik bertzera joateko debekuak indarrean segituko du hondarrera arte. Baina lana tarteko ez da mugitzeko arazorik izanen. Hala, Nafarroan lan egin eta Gipuzkoan lan egiten dutenek ez dute batetik bertzera joateko arazorik izanen. Horrez gain, bertze salbuespen batzuetan ere, posible izanen da: beila batera joateko, adibidez.

Prestaketa fasea
Dagoeneko prestaketa fasean sartuak gara eta horrekin batera hainbat baimen eman dituzte. Joan den asteburutik haurrek etxetik ateratzeko aukera dute. Horrez gain, heldu den larunbatetik aitzinera, helduek banaka kirola egitera ateratzeko aukera izanen dute. Gisa berean, aitzinetik hitzordua hartuta eta banakako arreta eskainiz, hainbat negozio ttikik ateak irekitzeko aukera izanen dute, adibidez, ile-apaindegiak. Jatetxeak ez dira publikoarentzako irekiak izanen baina etxera janari prestatua eramateko aukera izanen dute.

Kirolari profesionalek eta federatuek entrenamenduak egiten ahalko dituzte eta profesionalak ez direnen kasuan, kontakturik izan gabe, banaka eta segurtasun neurriak hartuta, kirola egiteko aukera izanen da: bizikletan ibili, lasterka...

Lehenbiziko fasea
Maiatzaren 10ean sartuko da indarrean lehenbiziko fasea. Fase honetan, probintzian mugitzeko ez da arazorik izanen eta segurtasun neurri zorrotzak hartuta, denda ttikiak irekitzen ahalko dira. Terrazak ere irekitzen ahalko dira baina edukiera %30era mugatuz. Hotelak eta lo egiteko tokia eskaintzen duten turismo alorreko ostatuak ere irekitzen ahalko dira, beti ere hainbat neurri hartuta. Merkataritza-gune handiek, ordea, itxita segituko dute, jende pilaketak saiheste aldera.

Kirol arloan, berriz, higiene eta babes neurri indartuak hartuta, maila profesionalean ari direnek neurri gutiago hartu beharko dituzte. Eta gainerakoan, kirol instalazioak irekiko dituzte baina kanpoan direnak eta publikoarik gabe eta kontakturik eskatzen ez dutenak. Banaka kirola egiteko aukera ere izanen da, aitzinetik ordua hartuta, kontakturik ez dagoenean eta aldagelak erabili behar ez direnean.

Garraio publikoan maskarak erabiltzeko gomendioa luzatu dute, nahiz eta ez den derrigorrezkoa izanen, baina hori bai prestaketa fasean baita bertze guztietan ere, normaltasunera bueltatu arte.

Kultur ikuskizunak baimenduko dituzte, toki itxietan gehienez 30 lagun biltzen baldin badira eta toki irekietan 200 lagun, beti ere, jarrita egonez  eta segurtasun tartea mantenduz.

Hildakoei beilak egiteko aforoa %30era murriztuko dute.

Bigarren fasea
Baldintzak betetzen badira, ostalaritzako lokalak irekitzen ahalko dira, baina edukiera hirutik batera mugatuz eta mahaiko zerbitzua eskaintzeko bakarrik.

Ikasturtea irailean hasiko da baina fase honetan hainbat baldintzatan ikastetxeko ateak irekitzen ahalko dira: 6 urtetik beheitiko haurrak hartzeko, bi gurasoak lanean baldin baditu eta zaintzeko inor ez badute, selektibitatea egiteko edota errekuperaketak egiteko.

Ehiza eta arrantza ere baimenduko dute eta aisialdiari eta kulturari dagokionez, zinema-aretoak, antzokiak, auditorioak eta gisako espazioak irekiko dituzte, beti ere, edukiera hirutik batera mugatuta eta aitzinetik jarlekua zehaztuta. Erakusketa aretoetara edota hitzaldietara joateko aukera ere izanen da, baina edukiera neurri berean mugatuta. Toki itxietan, 50 lagun baino guttiago biltzen diren kultur ikuskizunak ere baimenduko dituzte eta toki irekian baldin bada, 400 lagun arte biltzen ahalko dira, beti ere jarrita egitekoak baldin badira.

Hildakoei beilak egiteko aforoa %50era murriztuko dute.

Ezkontzak ere baimenduko dituzte, baina gonbidatu kopurua mugatuta.

Hirugarren fasea
Oro har, mugikortasuna arinduko dute baina segurtasun neurriak  mantenduz. Komertzietan, aforoa %50era mugatuko dute eta guttieneko segurtasun tartea bi metrokoa izanen da. Ostalaritzako lokalei ere neurriak arinduko dizkiete: edukiera %50era mugatuko zaie eta ostatuan daudenen segurtasun tarteak guttienez 1,5 metrokoa izan beharko du.

Hondartzak ere irekiko dituzte, baina segurtasun neurriak eta tartea mantenduz.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun