190 bat denda eta ostatu itxi dituzte eskualdean azken hiru hamarkadetan

N. Bazterrika - G. Pikabea 2018ko eka. 30a, 09:45
Bilakaera eskualdean, herrika.

Eskualdeko herrietako denda eta ostatu edo tabernen bilakaera aztertu du Ttipi-Ttapak. Horren arabera, gutti goiti-beheiti azken 20-30 urteotan, 577tik 389ra jautsi da ostatu, jatetxe eta denden kopurua. Herri batzuk, gainera, halako zerbitzurik gabe gelditu dira.

 

Datuak dira lekuko. Ez da bera ostalaritzako negozioen eta komertzioen atzoko eta gaurko egoera eta itxura guztien arabera, berdintsu segituko du hemendik aitzinera, urtetik urtera beheiti eginez.

Garaiak ederki aldatu dira. Denbora batean, herri ttikienetan ere dendak eta ostatu edota tabernak izaten ziren, baita Ttipi-Ttaparen eremuko 43 herrietan ere, ttiki zein haundi. Kasu aunitzetan, denda eta ostatu ziren aldi berean, eta denetarik izaten zuten saltzeko: izan iltze edo izan jantzi, izan sagar edo izan oinetako, izan ardo edo izan pentsu... Nor ez da oroituko orduko ultramarinos haietaz? Horietako batzuek bertzelako zerbitzuak ere eskaintzen zituzten, gaur egungo gizartean pentsaezina den telefono zerbitzua, adibidez. Orain, ia ez dago halako negoziorik, baina ez dira horiek bakarrik desagertu; hondarreko urteotan ateak itxi dituzten denda eta ostatuen zerrenda adierazgarria da. Arrazoiak ugariak izan daitezke: herritarrek gero eta gehiago erosten dutelako saltoki haundietan,  Internetez erosteko ohitura areagotu egin delako, erretiroa hartu eta erreleboa hartzeko inor aurkitu ez dutelako... Horrek karrikako giroan eta mugimenduan ere eragina izan duela diote aunitzek, izan ere, denda edo ostatu soiletik haratago, herritarrak biltzeko gune izan dira urte aunitzez eta oraindik ere hala dira.

 

Dendatik kooperatibara eta ostatutik elkartera

Ttipi-Ttapak hartzen duen Hegoaldeko eremuan, duela 20-30 bat urte baino 188 denda edota jatetxe guttiago daude gaur egun; 577 inguru ziren lehen eta 389 bat dira orain. Herri guztietan baziren dendak eta ostatuak, edo aldi berean bietatik zirenak. Orain, ordea, deus ez duten herriak gero eta gehiago dira. Eratsunen, Donamarian, Oieregin, Zigan, Anizen, Berroetan eta Azpilkuetan, erraterako, ez dute ez ostatu ezta dendarik ere. Elgorriagan, Ezkurran, Oizen, Aranon, Gartzainen, Lekarozen eta Amaiurren ostatua bai, baina ez dute dendarik. Ostaturik eta dendarik ezari erantzunez, bertzelako aterabideak bilatu behar izan dituzte herri ttikietan eta herritar multzo bat bilduz kooperatibak edo ostatu-jatetxe bezala ere funtzionatzen duten elkarteak sortu dituzte. Horietako bat da berriki Gartzainen sortu duten Ezkaldo elkartea.

 

Datu adierazgarriak

Beherako joera horri erreparatuz, herri batzuetako datuak adierazgarriak dira: Leitzan, adibidez, azken 20-30 urteotan 16 ostatu-jatetxe eta denda itxi dituzte; Beintza-Labaienen zortzi denda eta ostatu izatetik, laster ostatu bakarra izatera pasako dira; Oronoz-Mugairin 11 ostatu-jatetxe eta denda ziren lehen, eta orain bi dituzte; Iruritan 17tik laura jautsi da; Almandozen zazpitik batera. Goizuetan 25 ziren lehen eta 11 dira orain.  Datuak gutti goiti-beheitikoak dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun