«Lanordu asko, tratu eta eskaintza ona behar dira»

Ttipi-Ttapa 2018ko eka. 29a, 07:02

Ana Mari Mujica zubietarra.

Ana Mari Mujica santesteban, Zubietan dendari eta tabernari izana 

Ez du aise atzenduko Ana Mari Mujicak 2008ko abenduaren 20a, 40 urtez bizitza ostatuari eta ostatua bizitzari lotuta ibili ondotik, erretiroa hartu eta ateak ixteko ordua ailegatu zitzaion eguna: «bezeroek agur hunkigarria egin zidaten, trikitixaz girotutako festa ederra antolatu zuten». 

 

Urte horietan guztietan ostatuan «edariak, pintxoak, bokatak, zenbait plater» eta dendan «janariak, garbiketa eta drogeriko produktuak, hasiera hartan baita oinetakoak ere...» zubietarrei behar zuten guztia eskaini zien Etxekenea ostatu-dendak. Goizero 07:30ean ateak ireki eta «askotan» gauerdira arte egoten zen zabalik. Festak edo inauteriak ez baziren Ana Mari Mujicak «bakarrik» lan egiten zuen: «dendaz eta tabernaz ez ezik, familiaren zaintzaz eta etxeko lanez ere arduratzen nintzen».

 

Ostatuetan bada argi izpirik

Gazterik hasi zen lanean, «hiru ahizpak laguntzen hasi ginen eta ezkondu ondotik nire gain hartu nuen ardura». Hasieran bai dendak, bai eta ostatuak ere «martxa ederra» zuela gogoratzen du, baina garai zailak ere bizitu izan ditu: «supermerkatuak ireki zirenean denda ttikiek lur jo zuten». Gaur egun, oraindik orain, «denda ttikietan erosi beharrean supermerkatuetara joan ohi gara eta ostatuz ostatu ibiltzeko ohitura asko aldatu egin da». Horren lekuko da Zubietan ostatuek eta dendek izan duten beherakada nabaria: «nik zortzi ostatu eta denda ezagutu ditut eta gaur egun bi ostatu eta denda baino ez daude irekita». Jarrera hori aldatu ezean, Mujicak «denda ttikiei etorkizun iluna» ikusten die; ostatuetan, ordea, «bada argi izpi bat oraindik». Hortik bizi ahal izateko, «ordu aunitzez lan egitea» ez ezik, «bezeroak izatea eta edaria saltzea» ikusten ditu gakoak: «edariak salduz ongi irabazten da» nabarmendu du. Era berean, saltzeko eta bezeroak erakartzeko, «tratu eta eskaintza ona» ematea eta esker onekoa izatea funtsezkoa da zubietarraren ustez. Berari, oraindik orain, esker onak ez zaizkio bukatu: «ibilbide luze horretan guztian bidelagun izan ditudan familiari, lagunei eta batez ere bezeroei nire eskerrik beroenak eman nahi nizkieke» gaineratu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun