Goizuetan, ordea, «Mari Karmen alkohola ematen hasi zela» zabaltzen hasi zenean, bere ama zenaren «zein dun hire kontrarioa? Hire ofizioa» esanari helduaz, «Iruñera joan eta taberna irekitzeko baimena lortu nuen». Jolas-aretoa itxi eta tabernarekin aurrera egin zuen. Halaxe hasi zuen Mari Karmenek tabernako ibilbide luzea.
Ez zortzi orduko lanaldirik, ezta oporrik ere. Azpirozek egunero 07:00etarako irekitzen zuen taberna, eta «egunean 16 ordu egiten nituen lan», 2012an belauneko arazoak tarteko, taberna itxi zuen arte. Lana gogotik egitea tokatu zitzaion, «ez nuen sekula oporrik hartu», eta gainera, negozioa bakarrik eraman zuen. Ez zuen lan faltarik izan eta hortaz, «lanik ez dagoela aditzean, haserretu egiten naiz.Lana badago, gogoa falta da». Gustuko tokian aldaparik ez dagoela diotenez, akaso hori izanen zen bere sekretua: «gustatu egiten zitzaidan. Gaur egun, taberna itxita badago ere, lagunartean eta familian hemen biltzen gara».
Bestalde, berak taberna izan zuen garaitik Goizueta ederki aldatu dela ere adierazi digu: «denbora hartan, Goizuetan, 13 taberna ziren eta gaur egun hiru dira. Herria tristeago dago. Herri ttikiak ahitzen ari dira».
Ereindako hazia bilduz
Barraren atzean «istorio asko» ikusi eta ikasi zituen eta guztiaren gainetik «oroitzapen onak» ditu: «ez nuen sekula arazorik izan. Gaupasa egin eta igual mozkortuta etorriko ziren, eta nik astindu bat emanez musu emanen nien. Gure ama zenak esaten zuen haziak erein egin behar direla biltzeko eta bezeroak ongi tratatuz gero, beraiek ere ongi tratatuko zaituzte».